Via Irun proiekturako 200 iritzi eta proposamen inguru jaso ditu udalak
2.400 lagunek bisitatu dute Txanaleta plazako erakusketa, eta 200 irundar inguruk hartu dute parte bileretan.
Via Irun proiektuaren parte hartze prozesuak aurrera jarraitzen du. Joan den abenduaren 4an hasi zuten prozesu parte hartzailea. Ordutik, Irungo Udaletik eman duten azken datuen arabera, 2.400 lagunek bisitatu dute Txanaleta plazako erakusketa, eta 200 irundar inguruk hartu dute parte bileretan.
Palmera Montero gunean bildu dira herritarrekin. Bertan, proiektua gertutik ezagutzeko saio ugari egin dituzte. Ondorengo hamar gaien inguruan bizilagunek dituzten iritzi eta proposamenak jaso dituzte bilera horietan: trenbidearen azpiegitura, lurraldeko estrategia, lotura eta mugikortasuna, espazio publikoa, jarduera ekonomikoak, ekipamenduak, etxebizitza, ondarea, ikuspegi inklusiboa eta eraginkortasuna.
Galdeketa
Prozesu parte hartzaileak oraindik luze joko du. Datorren otsailean bilera gehiago egiteko asmoa adierazi dute udaletik. Gainera, herritarren artean galdeketa bat egiteko konpromisoa hartu dute, “iritzi objektibo eta zabalagoak” jasotzeko asmoz. Proiektuaren inguruko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, webgune honetan eskuragarri dago.