Hiritarren ardura diren gaiak lantzeko bost mahai-inguru antolatu ditu EAJk
Hiriko eragile, elkarte eta adituekin izandako topaketen harira datozen hilabeteotan taldeak hartuko duen norabidearen berri eman du Xabier Iridoy alkategaiak.
Irungo EAJ taldeak agerraldia egin du gaur udaletxean. Bertan, hiriko eragile, elkarte eta adituekin izandako topaketen harira datozen hilabeteotan taldeak hartuko duen norabidearen berri eman du Xabier Iridoy alkategaiak. Taldeak duen Hiri Proiektua lantzen jarraitzeko asmoa adierazi du, eta hala, bost mahai-inguru antolatu dituzte.
“Pasa den urteko uztailean hasiera eman genion lan honi esker, pertsonengandik gertu egoteko aukera eta hauek Irunen inguruan duten errealitatea zein den jakiteko aukera izan dugu”, adierazi du Iridoyk. Guzti hori egitea lan handia dela dio bozeramaileak, baina “oso aberasgarria” izaten ari dela nabarmendu du. Horregatik, maiatza bitarte, bide berean jarraitzeko asmoa adierazi dute jeltzaleek, “Hiri Proiektu sendo eta itxaropentsu bat izaten lagunduko baitigu”.
Mahai inguru horietan, “hiritarren ardura direnak eta gure proiektuko ardatz nagusi direnak” landuko dituzte, aditu zein erakundeetako zenbait kargudunekin. Hitzaldi guztiak Palmera Monteron izango dira. Lehena datorren asteartean (hilak 5) izango da, 19:00etan. Bertan, Josu Erkoreka, Daniel Innerarity, Amaia Campo eta Xabier Barandiaran ariko dira. Datozen asteotan emango dute beste lau mahai inguruen berri.
Amaitzeko, taldearentzako pertsonekiko zuzeneko kontaktua “lehentasuna” izan dela nabarmendu du Iridoyk. “Etorkizun hobe bat eskaini nahi diogu Iruni, eta hau da gure konpromisoa, atzean utzi nahi ditugu egungo gobernu sozialistak eragiten dituen liskarrak eta kritika hutsak, guzti honek hiritarren ongizatea kaltetu besterik ez baitu egiten”.