Datorren astelehenean (hilak 4) epaituko dute Parisen Iratxe Sorzabal irundarra. Euskal presoari babesa adierazteko, elkarretaratzea deitu dute ostiralean.
Datorren astelehenean (hilak 4) Iratxe Sorzabal euskal preso irundarraren aurkako epaiketa hasiko dute Parisen (harekin batera David Pla epaituko dute). Bizilagunari babesa emateko asmoz, Irungo Sortuk elkarretaratzea deitu du ostiralerako (hilak 1), San Juan plazan. 19:30ean elkartuko dira. Gainera, Parisera joateko autobusak antolatu dituzte Irungo Sorzabalen gertukoek.
“Bakean sakondu eta normalizazio politikoa lortzeko, halako epaiketa politikoak amaitzea ezinbestekoa da”, adierazi dute Irungo Sortutik. Sorzabal ETAren armagabetzea gauzatzeko lanean ari zela gogoratu dute, eta horregatik epaitu nahi dituztela
2015ean atxilotutakoak. Espainiako Estatuak Ezker Abertzaleak martxan jarritako estrategia aldaketa guztiak “oztopatu” dituela nabarmendu dute, eta hala eta guztiz ere, euskal jendarteak bake eta bizikidetzaren alde egin duela.
“Iratxe eta David, gure herrian normalizazio politikoa lortzeko lanean ari zirela atxilotu zituzten. Eta beraiek irekitzen lagundu zuten eszenatoki berri batean epaitu nahi dituzte. Ulergaitza da, erakunde armatu baten armagabetzea buru nahi izateagatik bi militante epaituak izatea”. Indarkeria desagertu zela dagoeneko hamarkada bat igaro dela nabarmendu dute, baina oraindik epaiketa politikoek jarraitzen dutela eta egun 264 lagun preso daudela salatu dute.