Adif-ek nazioarteko geltokiaren aurreproiektua aurkeztu berri du
Adif-etik diotenez, auzoa berregituratzeko baliagarria izango da proiektua, eta hiriko hegoaldea iparraldearekin lotzea errealitate bilakatuko dute.
Via Irun proiektuan aurreikusitako nazioarteko geltokiaren aurreproiektua aurkeztu berri dio Irungo Udalari Adif-ek. Proiektuaren erredakzioa oraindik kontratazio bidean dago eta orain arte egindako kalkuluen arabera, 30 milioi euroko kostua izango du (23 milioi geltokirako eta 7 ingurua hobetzeko).
Adif-etik azaldu dutenez, Abiadura Handiko Trena Irundik pasatzeko egokituko dute geltoki berria. Gainera, auzoa berregituratzeko baliagarria izango da proiektua, eta hiriko hegoaldea iparraldearekin lotzea errealitate bilakatuko dute (egun trenbide eremuak sortzen duen zatiketa hori desagertuz). Hala, zubi itxurazko eraikin bat diseinatu dute, “modernoa eta eraginkorra”. Eraikin horretan atari ezberdinak egingo dituzte, tren zerbitzu guztiek bertan geltokia izan dezaten.