Mende erdia ospatzeko, errugbia eskualdeko kaleetara
Txingudi Errugbi Taldeak 50 urte beteko ditu aurten. Urteurrenaren harira antolatu dituzten ekitaldien helburua Irun eta Hondarribiko herritarrei kirola gerturatzea izango da.
Txingudi Errugbi Taldeak 50 urte beteko ditu aurten. Mende erdiko ibilbidea ospatzeko, ekitaldiz bete dute 2019ko egitaraua. Errugbia Irun eta Hondarribiko kaleetara ateratzea izango dute helburu datozen hilabeteotan. Atzo eman zuen klubak 50 urteurrenaren harira antolatu duen egitarauaren berri, Txingudi Errugbi Taldearen elkartean. Bertan, Iñaki Alberdi lehendakaria eta taldeko ordezkariez gain, Irungo Udaleko ordezkari Pedro Alegre eta Hondarribiko Udaleko ordezkari Kalixa Silanes izan ziren.
“Orain dela 50 urte lagun kuadrilla bat elkartu ginen. Baloi bat erosi, eta errugbia jokatzen hasi ginen”, kontatu du Alberdik. Ordutik, pixkanaka, eskualdeko herritarren artean errugbi zaletasuna hedatzea lortu dute, eta egun hamarka eta hamarka jokalarik janzten dute taldeko kamiseta astebururo.
50 urteurrenean, errugbia kalera atera nahi dute, hori izango da ospakizunen helburu nagusia. “2019 urte honetan errugbiak Irun eta Hondarribian presentzia handiagoa izatea nahi dugu”, adierazi du taldeko ordezkari Judas Arrietak. Horretarako, hamaika kirol jarduera proposatuko dituzte datozen hilabeteotan. Eta ospakizuna borobiltzeko, armarri berria sortu dute.
Kirol jarduerez gain, eskualdeko merkatari zein tabernariekin egitasmo berezi batean ari dira lanean. Bidasoko 50 denden parte hartzea lortu nahi dute klubeko kideek, bertan errugbiaren aldeko apustua egin dezaten. Tabernetan berriz, errugbi partidak ikusteko ohitura zabaldu nahi dute, eta horretarako, haiekin ere hizketan ari direla adierazi dute.
Ondorengoa da, antolatu duten egitarauaren zerrenda:
- Taldearen 50. urtemugaren komertzioen maparen aurkezpena (martxoan).
- Taldearen 50. urtemugaren tabernen maparen aurkezpena (martxoan).
- Txingudiko beteranoen Errugbi Touch Txapelketa (martxoaren 30ean).
- Nazioarteko Zazpiko Errugbi Txapelketa (data zehazteke).
- ‘Zazpiak bat’ Emakumezkoen Errugbi Txapelketa (data zehazteke).
- Erakusketa (Irunen ekainaren 14tik uztailaren 7ra eta Hondarribian urriaren 2. hamabostaldian).
- Txingudi Errugbi Klubaren Eguna (Irunen ekainaren 15ean eta Hondarribian irailaren 14an).
- Igande sasoi (soilik errugbia jokatzeko igande sasoi bat gordeko du udalak).