EH Bildu: "alkateak Via Irun proiektua bereganatzeko lasterketa abiatu duela dirudi"
Joan den ostiraleko udalbatzan, Zaisa elkarte publikoak proiektuaren ardura hartu ahal izateko tramitatu beharreko puntua Jose Antonio Santano alkateak erretiratu behar izan zuela salatu dute taldetik.
Via Irun proiektuak eztabaida sortzen jarraitzen du. Joan den ostiraleko udalbatzan, Zaisa elkarte publikoak proiektuaren ardura hartu ahal izateko tramitatu beharreko puntua Jose Antonio Santano alkateak erretiratu behar izan zuela salatu dute taldetik. “Hauteskundeak gero eta gertuago dauden honetan, alkateak Via Irun proiektua bereganatzeko lasterketa abiatu duela dirudi”, adierazi dute koaliziotik.
Herritarrak prozesu parte hartzailean ekarpenak egiten ari diren bitartean, proiektuarentzako “oinarrizkoak” diren gaiak udalbatzara eramaten ari direla leporatu diote udal gobernuari, “oposizioko taldeekin inolako akordiorik bilatu gabe”. Hala, joan den ostiralean bide horretatik ez jarraitzeko mezua jaso zuen udalbatzan alkateak, eta gutxiengoan dagoela gogoratu zioten oposizioko taldeek.
Proiektua bideratzeko irundarron parte hartzea eta udal talde ezberdinen arteko adostasuna beharrezkoa dela nabarmendu dute EH Bildutik, eta ostiralean gertatukoaren ondoren, Santano Irun ez dela hausnartzeko eta ulertzeko deia luzatu diote. “Irun, irundar guztion alde egingo duten agintariak behar dituen hiri ireki eta anitza da”.