[BIDEOA] Urtebeteren ondoren, kalean jarraitzen dute Txingudiko Pentsiodunek
Manifestazio jendetsua egin dute; ehunka eta ehunka lagun bildu dira San Juan plazan, eta bertatik abiatuta, Irungo kale esanguratsuenak zeharkatu dituzte.
Orain dela urtebete inguru ekin zieten Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideek mobilizazioei. Ordutik, jendetza batu zaie, eta oraindik tinko borrokan jarraitzeko prest azaldu dira. Gaur, manifestazio jendetsua egin dute; ehunka eta ehunka lagun bildu dira San Juan plazan, eta bertatik abiatuta, Irungo kale esanguratsuenak zeharkatu dituzte.
“Pentsio publiko eta duinen aldeko mugimendua, hiritar, solidario, iraunkorra, zeharkakoa eta bateratua dela frogatu dugu”, adierazi dute mugimendutik. Borroka “0,25 kaxkar batekin” hasi zutela gogoratu dute, eta ordutik KPIaren arabera, pentsioak %1,6 igotzea lortu dutela. Hala eta guztiz ere, oinarrizko aldarrikapenak oraindik “zintzilik” daudela gogoratu dute, eta benetako pentsio duinak izan arte, kalean jarraitzeko asmoa adierazi dute. Hala, iaz hasitako bide berberetik jarraituko dutela nabarmendu dute. “Elkarrekin egingo dugu bidea, oinarrizko aldarrikapenak lortu arte. Dirua dagoela badakigu, eta partekatze bidezkoa eta zuzena eginez, oraingo pentsioak eta etorkizunerakoak bermatu daitezkeela ere”.
Gaurkoan ere, ondorengo aldarriekin atera dira kalera:
- Erosteko ahalmena ziurtatzea, KP erreala ziurtatuz.
- Bizitza duina bermatzen duen pentsioa lortzea.