[BIDEOA ETA GALERIA] Milaka eta milaka lagunek erantzun diote Harrera Sarearen deiari
Mobilizazio historikoa egin dute gaur Irunen; milaka eta milaka lagunek harrera duin eta integrala exijitu dute. Ficobatik hasita, manifestazio jendetsua egin dute arratsaldean.

Mobilizazio historikoa egin dute gaur Irunen; Euskal Herri osotik iritsitako milaka eta milaka lagunek harrera duin eta integrala exijitu dute. Ficobatik hasita, manifestazio jendetsua egin dute gaur arratsaldean. Hendaiako Erretentzio Zentrotik pasa ostean, San Juan plazara bideratu dira manifestariak. “Inor ez da ilegala”, “Euskal Herria harrera herria” eta “zirkulazio askatasuna” oihuz bete dituzte Irungo kaleak. Manifestazioa amaitzean, Amets Arzallus eta Alaia Martinek bertso bana eskaini diete bertaratutakoei. Eta aldarrikapen eguna alaitzeko, Glaukomako Juantxo eta Irungo Bad Sound taldea oholtza gainera igo dira.
Politikariei konponbideak jartzea eta arazo berririk ez sortzea exijitu diete sareko kideek. “Harrera iraunkorra, duina eta integrala” nahi dute eta horretarako, gizaki guztien eskubideak bermatzea eta alternatibak sortuko dituen migrazio politika garatzearen beharra nabarmendu dute. Era berean, pertsona ororen zirkulazio askatasuna exijitu dute. “Inor ez da ilegala, ez itzulketa ilegalei”. Gainera, migratzaileenganako errespetua eskatu diete erakundeei, Irungo Udaletik hasita, Estatu mailako instituzioetaraino. “Inork ez du bere seme-alaben bizitza arrazoirik gabe arriskuan jartzen. Denok gara edo izan gara migratzaile, eta Euskal Herriaren historia harrera pasarteez zein ihesaldi garaiez beterik dago”.





















































