Patxi Lacan hil da, Luis Marianoren babes handiena
Patxi Lacan 93 urterekin zendu da Arrangoitzen. Luis Marianoren txofer, idazkari, konfidente eta aholkulari nagusiena izan zen.
Asteazken gauean hil zen Patxi Lacan, Luis Marianoren karreran irundar nazioarteko abeslariari babesik eta laguntzarik handiena eman zion pertsona. 93 urterekin hil da. Auto gidari edo txofer bezala hasi zuen harremana Luis Marianorekin —aurretik bere familiak bazuen harremana abeslariarekin—, baina ondorenean idazkari, konfidente eta lagun handi izan zen. Arrangoitzen (Lapurdi) hil da, betidanik bizi izan zen etxean.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok doluminak helarazi dizkio Lacanen familiari. Alkateak esan duenez, Lacan beti saiatu zen Luis Marianok Irunekin zuen harremana mantentzen eta indartzen. Adibidez, 2014an, Luis Marianoren jaiotzaren mendeurreneko ekitaldiak egin zirenean, laguntza handia eman zuen.