Larunbateko manifestazioarekin bat egin du SOS Arrazakeriak
"Harrera duin eta integral" baten alde, mobilizazioan izango direla jakinarazi dute, eta herritar orori luzatu diote bertaratzeko deialdia.
Irungo Harrera Sareak datorren larunbaterako (hilak 26) antolatu duen manifestazioarekin bat egin du SOS Arrazakeriak. “Harrera duin eta integral” baten alde, mobilizazioan izango direla jakinarazi dute, eta herritar orori luzatu diote bertaratzeko deialdia.
Donostian, Bilbon edo Baionan bezalaxe, Irungo herritarrek erakundeen gabeziak asetu dituztela diote elkartetik. Gainera, erakundeek azken hilabeteotan hirira iritsi diren migratzaileen beharrei emandako erantzunak gogor kritikatu dituzte. “Harrera duin eta integrala ohea eta janaria ematea baino zerbait gehiago da”, diote. Hala, migratzaileei harrera duin eta integrala egitea erakunde ororen betebeharra dela nabarmendu dute. “Betebehar hori ez onartzeak bertan behera uzten du harreraren diskurtso osoa”.
17:00etan deitu dituzte herritarrak, Irungo Ficoba erakustazoka kanpoan. Hortik, Hendaiara bideratuko dira zirkulazio askatasuna exijitzeko. Ondoren, Irungo udaletxean elkartuko dira, ekitaldi berezi batekin mobilizazioa amaitutzat emateko.