EH Bildu: "Olaberria babesteko plana hautsez jositako apal batean egon da"
Udal gobernuaren "interes falta" salatzeaz gain, bailararen planak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute koaliziotik.
Irungo EH Bildu taldeak berriz ere Olaberria bailararen gaia mahai gainean jarri nahi izan du. Udal gobernuak urte luzez bailara babesteko plana “hautsez jositako apal baten bazter batean utzita” izan duela salatu dute. Gobernuaren “interes falta” salatzeaz gain, planak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute koaliziotik.
Orain dela hiru urte, taldeak ikerketa eta ekarpen propioak luzatu zituela gogoratu dute, eta orain arte udaletik inolako berririk jaso ez dutela salatu dute. Bailarak duen “potentzialtasuna” kontuan hartuta, arazoari erantzuteko premia dute taldeko kideek.
Era berean, tokiko produktuen kontsumoaren aldeko apustu garbia egin dute EH Bildutik. “Gure gizartearen ingurumenarekiko sentsibilitatea handitzen ari da, eta dagoeneko egunean dauden esperientzia berriak aldarrikatzen ditu: agroaldeak, lur bankuak, baratza kooperatibak edota ekonomia zirkularreko esperientziak beste gizarte eredu baten isla dira. Zergatik ez hauek Olaberria bezalako paraje batean?”, adierazi dute taldetik. Horretarako, Bidasoa Bizirik agentziaren inplikazioa “derrigorrezkoa” da taldeko kideen ahotan.
Amaitzeko, taldeak “gauzagarriak” diren proposamen asko dituela adierazi dute, eta horiek ere badutela lekua horrelako “proiektu integral eta berritzaile” batean. Abeltzaintza, energia berriztagarrien ekoizpenaren aukera, biomasa, turismo jasangarria edota ingurumen naturarekiko errespetuzko basogintza politikaz ari dira.