Jose Antonio Loidi beka, Maialen eta Unai Oiartzun anai-arrebentzat
Jasotako bekarekin, 'Euskarazko irakurzletasuna Irungo Udal Liburutegian' proiektua garatuko dute. Orotara, 9.000 euro jasoko dituzte.
Jose Antonio Loidi euskarazko ikerketa bekak baditu irabazleak. Unai Oiartzun eta Maialen Oiartzun anai-arrebak izan dira hamalaugarren edizioaren onuradunak. Beste lau proiektu ezberdin ikertu ostean, epaimahaiak bikotearen lana aukeratu du.
Jasotako bekarekin, ‘Euskarazko irakurzletasuna Irungo Udal Liburutegian’ proiektua garatuko dute. Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dituzte, eta bekaren iraupena 12 hilabetekoa izango da. Orotara, 9.000 euro jasoko dituzte. “Zorionak Unai eta Maialen Oiartzun Irastorzari 2018ko edizioko beka lortzeagatik. Gogo handiz itxarongo dugu ikerketaren emaitza”, adierazi du udaleko euskara saileko ordezkari Monica Martinezek.
Jose Antonio Loidi Errenteria-Oreretan jaio arren (1916), farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari plaza lortu zuen. Ordutik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikaren inguruko ikerketa ugari egin zituen. Gainera, urte luzez euskal literatur eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen.