'Euskal Herria harrera herria' lelopean, larunbatean Irungo kaleak betetzera
Irungo Harrera Sareak deituta, manifestazio nazionala egingo dute larunbatean (17:00etan abiatuko da Ficobatik). Amaieran, udaletxean ekitaldia egingo dute, berezia gainera.
Irungo Harrera Sareak manifestazioa deitu du datorren larunbaterako (hilak 26). Ficobatik abiatuko dira 17:00etan, ‘Euskal Herria #HarreraHerria’ lelopean. Hendaiako Erretentzio zentroko komisaldegira bideratu ostean, Irungo Colon pasealekua zeharkatuko dute. Udaletxean amaiera ekitaldia egingo dute, berezia gainera. Bide guztian zehar, pertsona ororentzako zirkulazio librea aldarrikatuko dute.
Gaur eman dute larunbatekoaren berri sareko kideek, San Juan plazan egin duten agerraldian. Bertan azaldu dutenez, azken asteotan 2.300 lagun, elkarte, alderdi eta sindikatuk sinatu dute martxaren aldeko manifestua. “Manifestazioak Europako legedia eta edozein migratzaileren eskubideak aitortzen eta bermatzen dituzten nazioarteko itunak aplikatzea exijituko du, baita zirkulazio librerako pertsona orok dugun eskubidea ere”. Gainera, migratzaileei ezartzen zaizkien “esplotazio egiturazko egoera, arrazismoa eta eskubideen berdintasun eza” ere salatuko dute larunbatean.
Euskal erakundeek azken urtean Frantziarako bidea hartu duten migratzaileei “ez ikusiarenak” egin dietela salatu dute, eta ondorioz, Irunen, Donostian, Bilbon eta Baionan, herri gisa erantzun behar izan dietela miratzaileen beharrei. Hala, orain dela sei hilabetetik (Irungo Harrera Sarea sortu zutenetik), 5.500 pertsona ingururi egin diete harrera hirian. Ordutik, “laguntza zuzenerako eta eragin politikorako ekintza soziala eta solidaritaterako gune bat” ireki dutela adierazi dute. Era berean, Frantziako Poliziak egunero migratzaileak Irunera bueltatzera behartzen dituela salatu dute, eta Martindozeneako aterpetxeak ez dituela guztien beharrak asetzen.
Amaitzeko, Euskal Herritar orori luzatu diote larunbateko manifestaziora batzeko deialdia. Mobilizazioa bukatzean, udaletxe parean Alaia Martin eta Amets Arzallus bertsolariak ariko dira. Haien ostean, Glaukoma taldeko Juantxo Arakamak eta Irungo Bad Sound taldeak musika saioa eskainiko dute