Sahararen aldeko euskal karabanara batu da Irungo Udala
Datorren hilaren 25 (ostirala) eta 26an (larunbata), janari eta garbiketa produktuen bilketa egingo dute hiriko zenbait supermerkatutan.
Sahararen aldeko euskal karabanara igotzea erabaki du Irungo Udalak. Gaur bertan Garapen Kooperazio eta Giza Eskubideen ordezkari Monica Martinezek eta Tadamum elkarteko Trini Fernandezek eman dute erabakiaren berri, eta datozen egunotan egingo dituzten ekintzak zehaztu dituzte.
Karabanaren helburua Saharara bidaltzeko janari bilketa egitea da, zehazki Tindoufeko (Argelia) kanpamenduei bideratzeko. Hala, datorren hilaren 25 (ostirala) eta 26an (larunbata) janari eta garbiketa produktuen bilketa egingo dute, ondorengo supermerkatuetan: Irungo Alcampon, Anzarango BM-n, San Miguelgo BM-n, Anakako BM-n, Serapio Mujicako BM-n, Palmera Monteroko BM-n, Super Amaran, Netto Mendibilen, Juan Aranako Eroskin, El Pinar-eko Eroskin eta Kateako Lidl-en. Azukrea, arroza, pasta, lekaleak, atuna edota konpresak erosteko deialdia egin dute antolatzaileek.
Era berean, gaurtik ostiralera bitarte (hilak 25), Leka-Enea, Belaskoenea, LH Dumboa, San Vicente de Paul, Txingudi Ikastola, Elatzeta, Eguzkitz, Toki-Alai eta Bidasoa Institutuan ere bilketa egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Ostiralean, Gurutze Gorriako kideek jasoko dute bildutako guztiak. Irungo Udalak arroz palet batekin lagunduko du.
Karabanatik harago, etxean haur sahararrak jasotzeko deialdia luzatu dute Tadamum elkartetik, ‘Oporrak bakean’ programaren barruan. Interesa dutenek, 666 50 13 50 telefono zenbakira deitu edota helbide honetara idatzi beharko dute.