Via Irun proiektuarekin kezkati azaldu da EAJ
Proiektua "anbizio gutxikoa" dela adierazi du Iridoy bozeramaileak, eta hiriak izan dezakeen garapenaren etorkizuna arriskuan jarri dezakeela.
Via Irun proiektuaren lehen fasea aztertu ondoren, Irungo EAJ taldea kezkati azaldu da. Gaur Xabier Iridoy bozeramaileak eskaini duen agerraldian, proiektua “anbizio gutxikoa” dela adierazi du, eta hiriak izan dezakeen garapenaren etorkizuna arriskuan jarri dezakeela.
Iridoyk 2001ean Irungo trenbide eremua berreskuratzeko bideari hasiera eman ziotela gogorarazi nahi izan du, Sustapen Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, aldundiaren eta udalaren arteko Intentzio Protokoloaren sinadurarekin. Protokolo horrek, ondorengo helburuak zituela gogoratu du bozeramaileak: trenbide espazioa hiri eremuan integratzea, eta horretarako trenbide eremua estaltzea; hiri errepide sarea osatzen duten auzoen arteko mugikortasuna; hiriaren erdigunean kokatuta dauden bideen estalketa, espazio publiko han bat sortzeko; Irungo egungo geltokia birkokatzea; geltoki intermodalean eraldatzea, eta topoaren (Euskotren) trazadura trenbide kanal bakar batean lekuz aldatzea. Bide horretan, 2015ean udalak HAPO (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) onartu zela gogoratu du.
Eremuan jardun eta aurrera egin ahal izateko, erakunde guztien artean hitzarmen bat landu eta sinatzea beharrezkoa izan zela diote, eta hala, udal talde guztiok aho batez onartu zutela hitzarmena joan den iraileko udalbatzan.
Joan den abenduaren 20an Santano alkateak aurkeztutako proiektuak kezkak sortu ditu jeltzaleen artean. “Asko kezkatzen gaituen proiektua da hau, anbizio eta asmo txikiko esku hartzea baita proposatzen dutena. Zergatik? Irun zentroan etorkizuneko ikuspegia izan zezakeen proiektu berritzailea, eredugarria eta kalitatezkoa izan beharrean, orain aurkeztutakoa erdi bidera iritsi ere ez delako egiten, ez baititu trenbideen estaltzea begiesten, ezta auzo desberdinen arteko komunikazio ardatzak, eta topoko bideen konponbidea barneratzen”, adierazi du bozeramaileak.
Alkateak aurkeztutako proiektua “osatugabea” da jeltzaleentzat, eta hiriak “egiazko hiri birsortze bat” behar duela nabarmendu dute taldetik. “Politika berriak pluralak izateaz gain, datozen urtetarako ikuspegia izan behar dute, horrela egiten den guztiak gaur, bihar eta baita etorkizunean leku izan dezan”.
Amaitzeko, eremuaren berreskuratzea eraginkorra izan behar dela aldarrikatu du Iridoyk. “Irunek lehen mailan jokatu behar du, guztion artean proiektu hau estrategiko eta erreal bihurtu behar dugu. Horrelako proiektuek hamarkada askotan ematen baitiote zerbitzu hiriari, eta horregatik gure hiriaren aniztasunarekin kontatu beharra dugu, Irunek behar du eta merezi du”.