Luis Maria Elorzek jasoko du Hiriaren Urrezko Domina
Irungo Hiritar Foroak jakinarazi dio udalari domina mediku irundar ezagunari emateko proposamena, gizarte, kultur eta kirol elkarte ugarik babestu ostean.
Irungo Udalak Luis Maria Elorzi egingo dio Irun Hiriaren Urrezko Dominaren entrega. Irungo Hiritar Foroak jakinarazi dio udalari domina mediku irundar ezagunari emateko proposamena, gizarte, kultur eta kirol elkarte ugarik babestu ostean. Arrazoi ugari dituzte irundarrek medikuari aitortza hori egiteko: “Mediku profesional gisa egindako ibilbide luzean hiriari eta bertakoei emandako zerbitzuengatik eta, halaber, gizartean balio unibertsal zintzoenak lortzeko izan duen inplikazioagatik eta egin duen ekarpenagatik”, adierazi dute forotik.
Alkateak bozeramaileen batzordean aurkeztu zuen proposamena, eta aho batez babestu dute denek. Datorren hilaren 25eko osoko bilkuran formalizatuko dute dominaren esleipena, eta martxoaren 30ean entrega ofiziala egingo dute.