"Irungo aniztasuna era egokian islatuko duen" zerrenda osatu nahi du EH Bilduk
Datozen hauteskundeei begira, programa eta zerrenda osatzeko prozesu parte hartzailea irekiko du taldeak, "Irungo gizarteko geruza guztiak ordezkaturik sentitu daitezen".
Irungo EH Bildu taldea jada hauteskunde prozesuan bete-betean dago. Gaurko agerraldian, Dani Berasategik, Joxe Cayetanok eta Jokin Melidak azaldu dutenez, “erabat parte hartzailea” izango da zerrendak osatzeko prozesua, baita ere programa osatzekoa.
Lehenik, orain arte taldeak emandako pausuak gogoratu dituzte. “Legegintza honetan gure zinegotzien lana eraginkorra izan da, gure hiriaren dinamikan proposamen eraikitzaileak sortu eta gizarteratuz”. Melidak adierazi duenez, San Miguel Anakako kirol instalazioen proposamena izan da horren adibide garbia. “Hiri proiektu sendoa” egiten ari direla diote, herritarren kezka eta beharrei erantzuten. Irundarrak erdigunean kokatuko dituen Irun berria sortzeko pausuak eman dituztela diote, eta hala, dagoeneko norbanako eta eragile ugarirekin bilerak egin dituztela.
Hauteskundeei begira lantzen ari diren programaren osaketa parte hartzailea izatea nahi dute koalizioko kideek. Horretarako, helbide hau proposamenak eta ideiak bidaltzeko baliatuko dute. “Irungo aniztasuna era egokian islatuko duen zerrenda indartsua osatu nahi dugu, Irungo gizarteko geruza guztiak ordezkaturik sentitu daitezen”. Hala, dagoeneko elkarrekin.ehbildu.eus ataria egokitu dute, bertan izenak proposatzeaz gain, hauteskunde prozesuaren eta bozketen berri izateko.
Bilgunea, hauteskunde bulegoa
Hauteskundeak bitarte, Irungo Bilgunea izango da bulego nagusia. Edozein proposamen bidaltzeko edota informazio gehiago jaso ezkero, bertatik pasatzeko aukera izango da. Bulegoa astelehen, asteazken, ostiral eta larunbatetan goizez irekiko dute, eta astearte eta ostegunetan berriz, arratsaldez.