Bad Sound: «Gaixotasun berak jota gaude biok, eta reggaearen kontrako pilularik ez dago»
2004tik ‘Buiaka’ ibili da Irungo taldea, «gaztetxe eta zuloetatik» saltoka; euskal talde gutxik bezala eragin dute gazte askoren musika joeretan aldaketa. Euskal reggae panorama elikatzen jarraitzeko, ‘Birsortzen’ lana kaleratu dute.
Aro berri bat birsortzen ari da Bad Sound-en. Horrela al da benetan?
Moro: Azken urteotan gertatu diren gauza guztien emaitza bezala ikusten dugu Birsortzen disko hau. 2014an Mastak taldea utzi zuen, orduan birsortze prozesu bat eraman behar izan genuen. Mastak asko ematen zion taldeari,eta hutsune hori betetzea zaila izan da oso. Ez dugu disko berria dela esaten, esaten dugu bidearen emaitza izan dela, azken lau urteotan lortu dugun hori.
Buiaka abesti klasiko hartatik jada euri asko egin du, eta ordutik originaltasuna mantendu duzue. 2004ko Bad Sound, eta egungoa, berbera al da?
Moro: Bai,hasi ginenean 8 kidetik gora baginen, gero taldea 5 lagunetan gelditu zen. Nik sentitzen dut lehen eramaten genuen norabide berberak garamatzala gaur egun ere. Nahiz eta bi izan gaur egun, eta Aitor Etxeberria ere hemen den, norabidea berdina da, musikarekiko sentimenduak bera izaten jarraitzen du.
Stepi: Nire burua hasieran bezala ikusten dut, egunero zerbait ikasten, musikan ikertzen, musikarekin jolasten. Ozen esan dezakegu gure musika hasieratik berdina dela, baina benetan inoiz ez dela berdina izan.
Orain arteko lan guztietan jarraitzaileak ohitu dituzuen bezala, letrak bortitzak dira, zuzenak. Nori zuzendutakoak dira?
Moro: Idazten ditudan letrak idazterakoan nire pertsonari buruz hitz egitea ez zait gustatzen. Halere, nik uste dut mezu horiek askotan niretzako ere izaten direla. Niretzako sentitzen ditudan mezuak askotan besteentzako balio dutela uste dut, eta Bad Sound System beti izan da kolektibo bat, besteentzako lan egiteko bokazio horrekin. Gure abestiak ere ez dira guretzako egindakoak. Nahi dudan bezala egiten dut, nire erara, baina beste guztiontzako idazten dut.
Eta erritmoak ere, nola ez, plazak eta gaztetxeak dantzan jartzen dituzten horietakoak.
Stepi: Erritmo asko sartu ditugu diskoan, estilo ugari entzun daitezke. Birsortzen abestia izan ezik, hemen Moskun dugun lokalean sortu eta grabatu dugu musika guztia. Beti erabili izan ditugu riddim-ak, baina azken lan honetan guretzako espresuki egindako musika erabili dugu diskoa egiteko. Birsortzen abestiaren riddim-a Mungo’s Hi Fi eta Scocht Bonnetek emandakoa da, guk erabiltzeko.
«Gure musika beti berdina izan da, baina benetan inoiz ez da berdina izan»
Askorentzat estiloaren aitzindari izan zarete, aro berri baten sortzaile.
Moro: Ez dakigu eta ezin izango dugu inoiz jakin Bad Sound Systemek euskal reggaearen munduan aro berri bat sortu duen ala ez, hori ez da garrantzitsua, baizik eta mugimendu indartsu bat dagoela Euskal Herri osoan. Egia da gu hasi ginenean hainbeste talde ez zeudela, baina nik gogoan ditut nire irakasleak zeintzuk izan ziren, eta orduan jada kontzertuak egiten ibiltzen ziren talde asko zeuden. Agian guk zortea izan genuen, baina ez gara aitzindariak izan. Ez da guk bakarrik egindako zerbait izan.
Stepi: Nik gutxienez alde egiten dut pixka bat erreferente edo titulu horietatik. Ikusten dut denbora asko daramagula eta jende gazte askok, adibidez, ikusi gaituela. Hori akaso batzuentzako bide berriak sortzeko baliagarria izan da, eta guk edo garai hartan zeuden talde guztiek erabilitako tresnekin euren bidea egin dute askok. Halere, gu hasi ginenean jende askok egiten zuen reggaea, Euskal Herriko herri askotan gustuko musika zen. Horregatik ere izan genuen arrakasta hori, herri bakoitzeko zoro bat deitzeko prest zegoelako.
Gizarteko gai ugari ukitzen dituzue azken lan honetan ere, tartean puri-purian dagoen arrazakeriaren edota mugen gaia.
Moro: Nire ama etorkina izan zen, gertutik ezagutzen dut munduan zehar milaka pertsonek pairatu behar izaten duten errealitate hori. Nik familian ikusitako historiaren azalpentxo txiki bat da Muros y fronteras abestian islatu dudana. Sirian gertatu dena, eta Turkiara eta handik Greziara bidea egiten ari den jendearen sufrimenduari ikuspuntu bat eman diogu, jendeak errealitate hori ezagutu dezan. Kanta horretan lau abeslarik ilegala izatea zer den eta etorkin izatea zer den nola ikusten duten entzun daiteke, gauza oso polita da. Gure kasuan, migratzaile edota errefuxiatuen gaia barruko bezala sentitzen dugu. Eta gero, gizarteko esparru ezberdinetako gai ugariz hitz egiten dugu, benetan kezkatzen gaituzten gaiez.
«Gaztetxeek eta herri asanbladek mantendu dute bizirik taldea»
«Inork ez du sentitzen besteak zer duen sentitzen». Zenbat esan daitekeen hitz gutxirekin.
Moro: Egungo gizartean horrela dela dirudi. Ez dakit sentitzen dugun edo ez, baina eguneroko bizitzaren erritmo horretan zaila da gelditzea. Askotan norbait gaizki ikusten dugu baina aldamenetik ezer gertatu ez balitz bezala pasatzen gara; ez dakit eguneroko kasu askotan nor den erruduna.
Hori adierazi nahi izan duzu ‘Zein da ba’ abestian, ezta?
Moro: Hala da, bai. Kanta horretan hori adierazi nahi genuen, erruduna beti ez dela politikoa edo polizia. Denok batera sortzen dugun sistema bat da. Batzuek legeak egiten dituzte, besteak horiek betearazteaz arduratzen dira, eta beste askok soilik tren hori jarraitzen dute. Kanta horren oinarria hori da, denok batera edozer egiteko gai izango garela, edo lortzen ez dugun hori egiteko kapazak garela.
Gainera, Muros y fronteras abestia hiriko mugimendu baten soinu banda izango da, ezta?
Stepi: Muros y fronteras abestia Zaporeak proiektuko kideentzako izango zen hasiera batean, disko baten bitartez eurentzako dirua biltzeko. Halere, taldeak zuen gehiegizko lanarengatik egitasmoak ez zuen aurrera egin, eta Irungo Harrera Sareko kideei eman diegu abestia, pozez gainera. Datorren hilaren 26ko manifestazioan izango gara, eta bertan abesti hori estreinakoz jarriko dugu. Bide batez, bertaratzeko gonbita luzatu nahi diegu herritarrei.
Kolaborazio ugari egin dituzue, bereziki Glaukomako Juantxo Arakamarekin. Aspaldi esan zuen berak zuek zaretela haien irakasle onenak.
Stepi: [Barrez] Badakizu Juantxok oso ongi hitz egiten duela. Hemen norbera da pixka bat bere irakasle. Gure munduaren gauza mamitsuetako bat da bakoitza dela bere gidari. Beti badago non begiratu, baina bakoitzak barruko lan hori egin behar du eta bere istorioak atera, nahiz eta tresnak edo egiteko era hemen ala han ikasi. Uste dut Glaukomako kide guztiek kristoren istorio piloa dituztela kontatzeko, eta ez dutela behar irakaslerik.
Moro: Aspaldi pasatu ginen beraien irakasle izatetik guk ere beraiengandik klaseak jasotzera. Haiek gure musikatik ikasi duten bezalaxe, guk ere haiengandik eta taldetik asko ikasi dugu. Disko honetan Juantxo asko azaltzen da harekin daukagun gertutasunagatik, denbora asko pasatzen dugu berarekin, asko hitz egiten dugu. Erraz da Juantxorekin kanta bat egitea. Juantxoz gain, ezin ditugu ahaztu ere Mexikoko Lengualerta, Mandinka Warrior, eta nola ez, Esne Beltzako Pini, niretzako ahotsik politena. Azkenean gure diskoan agertzen direnak guregandik gertu egoten den jendea da. Hori da politena, lagunekin elkartu eta bat-batean abesti bat sortzea.
«Beti dago non begiratu, baina hemen norbera izaten da bere irakaslea»
Diskoan ere 1976an Guardia Zibilak tiroz hildako Josu Zabalari, Juantxorekin batera, omenaldia egin diozue. Nondik dator abestia sortzeko ideia?
Stepi: 2016an erailketaren 40. urteurrena bete zen, eta familiak omenaldi berezia prestatu zuen, Hondarribiko beste hainbat kolektiborekin batera. Omenaldian parte hartzeko gonbita luzatu ziguten, ea musikarekin zerbait egiteko aukera ikusten genuen. Oso berezia izan zen lan hori egitea. Pixka bat ezberdina izan zen, helburua familiari ematea baitzen, orduan ezberdin atera zen abesti hori, beste bide bat izan zuen hasieratik. Sekulako lana izan zen guretzako pertsonalki. Gaian buru-belarri sartu ginen eta egia esan hunkigarri suertatu da kanta, guretzako egiterakoan ere oso hunkigarria izan baitzen prozesua.
Moro: Musikari bezala niretzako ikasketa oso polita izan zen, zintzoki esango dut, agian izan da bizitzan egin dudan kantarik informatuena. Egia da kasu bat zela, eta oso gutxi nekien gaiari buruz. Orduan, gogoratzen ditut aurreko asteetako informazio lan horiek, eta irakurritako lanak zentzutu egiten gintuen. Juantxo eta biok Hondarribira joan ginen, eta bertan aurkitu genituen herritarrek kontatu ziguten zer gertatu zen zehazki egun hartan, jendeak orduan zer sentitu zuen. Lan hori asko erraztu ziguten eta oso polita izan zen han egondako jendeak ikusi eta bizitu zuen bezala kontatzea egun hura. Gure musikari ego hori alde batera utzita egindako kanta izan zen, gauza asko mugitu dizkit barruan.
Diskoaz gain, 40 Minutu Rock jaialdirako ere abesti bat egiteko tartea atera duzue, oraingoan ere Juantxorekin batera.
Moro: Bai jauna. Lehenbiziko eskerrak ematea 40 Minutu Rockeko jendeari gugan jarritako konfiantzagatik. Gu ez gara talde konbentzional bat, eta festibal handiak guri kanta egiteko aukera hori ematea, pauso hori, niretzat bada zerbait. Hortik aurrera, Zabalaren kanta bezala planteatu dugu, 40 minutu besterik ez dituenarentzako kanta bat egin genuen, taldea eta dena alde batera utzita.
«Nahiz eta musika utzi nahi izan, ez gara benetan sekula uzteko gai izango»
Juantxorekin zenbait kolaborazio egiteaz gain, Glaukomarekin batera disko bat ere egin duzue (Sua zaintzen, 2015). Pozik elkarlanarekin?
Moro: Asko disfrutatu genuen diskoarekin, eta harekin batera etorri zen birarekin. 2015ean egindako 5 kontzertu eta 16ean emandako beste biak niretzako izugarri politak izan ziren, indar handi bat sentitzen nuen orduan oholtza gainean, denak elkarrekin. Esperientzia bezala izugarrizkoa izan zen, ederra.
Euskal Herriko reggae edo hip-hop kulturak sekulako indarra hartu du azken urteotan. Nola ikusten duzue panorama?
Moro: Ikusten dugu hazten ari dela, ez naiz izenak esaten hasiko, baina egia da Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa aldean talde ugari sortzen ari direla. Iparralden ezberdina da, aspalditik dago kultura hori presente han. Nire ikuspuntutik, nahiz eta objektiboa guztiz ez izan, gustuko dut nola sortzen ari diren. Guk eta beste talde askok erabili duten formularekin lanean ikusten ditut talde gehienak, hori da garrantzitsua, azken finean estilo eta izaera baten moduak daude jokoan, eta gustatzen zait jendeak originaltasun hori mantentzea, oso harro nago ikusten ditudan askotaz.
Stepi: Egia da gaur egun gehiago entzuten eta ikusten dela musika hau, baina hasieratik gu ez gara estralurtar batzuk izan. Mugimendua badago Euskal Herrian eta musika estilo honetan ere, gero eta gehiago. Zuloetan egon gara, gaztetxeetan, herriko txosnetan, eta gehienbat mugimenduak deituta, herri horietan bazegoelako zerbait hazten ari zela. Duela urte askotik esaten dugu: joaten garen leku guztietan badaude MC eta DJak, edo sound systemak herri askotan. Euskal Herri osoan dago mugimendua, herri guztietan.
Toki horiek izan dira zuen habitat naturala?
Moro: Bai, beti izan da, denborak hori baieztatu du. Gaztetxeek eta herri bakoitzeko asanbladek mantendu gaituzte bizirik gu, beraiek deitu gaituzte, beraiek eman digute kontzertuak eskaintzeko aukera, eta ideologikoki ere oso gertukoak gara eta eskerrak ematea besterik ez daukagu. Mugimendu hori gabe kulturak ez zuen gaur egun duen indarra izango. Herri guztietan ausarten bat egon da guri eta gure tankerako taldeei deitzeko. Zoro askok jarraitu gaitu azken urteetan, zoro talde batera zoroak hurbiltzen baitira [barrez].
Urte luze hauetan, Espainiako Estatura, eta Mexiko edo Japonia bezalako herrialdetaraino eraman duzue zuen musika. Zer nolako esperientziak izan dira?
Moro: Esperientzia bikainak, izugarriak izan ziren. Jendeak oso harrera ona egin zigun, bira oso bataileroa izan zen, baina egon ginen lekutan jendea oso kontent geratu zen. Mexikon dena primeran joan zen, eta Japonian ere.
Stepi: Hemen Euskal Herrian bezala, mugimenduak mundu osoan zehar indarra hartu duela ikusi dugu. Gu bezalako reggae selekta eta MC asko aurkitu ditugu bidean.
Jotzeko toki bat aukeratu beharko bazenute, zein eta zergatik?
Moro: Nik ezingo nioke galdera horri erantzun bat eman, hainbestetan sentitu bainaiz berezi eta kontrako. Leku berezi bat esan beharko banu, Moskuko Depor taberna litzateke. Hor hasi zen dena. Oholtza handiek ematen dute ematen dutena, bikainak dira eta maite ditugu, nola ez, baina leku bat, hori. Nik Depor tabernan kantatzeari beldurra izan nion, han adituak dira. Han beti sentitu nahiz oholtza berezi baten gainean.
Stepi: Niretzako Depor ere berezia da oso, baina leku bakoitza ezberdina da. Horretan surflaria naizela esan dezaket, beti olatu berri horren bila noa (barrez).
Oraindik urte luzez sua zaintzen jarraitzeko prest?
Moro: I’m ready! [Prest nago!] Zalantzarik gabe, aurrera egiteko prest gaude. Gaixotasun bera jota gaude biok eta ez dago reggaearen kontrako pilularik (barrez). Nahiz eta utzi nahi izan, ez gara benetan sekula uzteko gai izango inoiz.
Stepi: Saio bat egiteko elkartu ginen 2003 hartan, eta begira [barrez].
Hurrengo kontzertuak:
- Bihar (hilak 19): Elgoibarren.
- Urtarrilak 31: Bilboko Antzokian.
- Otsailaren 1: Alegin.
- Otsailaren 15: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
- Otsailaren 23: 40 Minutu Rock jaialdian.
- Martxoaren 16: Gernikan.