1,7 milioi bidaiari izan ditu Irunbusek
Aste gutxi barru, autobus elektrikoak jarriko dituzte martxan Irunen.
1,7 milioi bidaiari izan ditu Irunbusek joan den urtean, eta seigarren urtez jarrian, gora egin du kopuru horrek. Iaz, %3 igo zen erabiltzaile kopurua (2017an baino 50.917 erabiltzaile gehiago izan ditu garraio publikoak).
Cristina Laborda Mugikortasun ordezkariak eman ditu datu horiek gaur egin duen agerraldian, eta albiste ona dela nabarmendu du. Zehaztasunak ere eskaini ditu, horrela, Zaisa-Ospitalea lotzen dituen linea izan da erabiltzaile gehien izan duena, 1.225.789 zehazki, 2017an baino %1,8 gehiago. Erdialdea eta Katea lotzen dituen autobus lineak ere gora egin du erabiltzaile kopuruan, %1,4, zehazki.
Gautxoriak, berriz, %20,5 igo zuen iaz erabiltzaile kopurua, “igoera horrek ziurrenik zerikusia du joan den apirilean martxan jarri zen iniziatibarekin emakumeen segurtasuna areagotzeko, eta ohiko geltokiez gain erabiltzaileek eskatutakoetan ere gelditzen zelako”.
Eskaeraren araberako landa garraioaren gainean ere mintzatu da ordezkaria. Azken horrek jaitsiera izan du, hala ere, 12 hilabetean 4.991 erabiltzaile izan ditu. Irunbus ezinbesteko tresnatzat jo du Labordak, “hura gabe ezin da ulertu gure hiri mugikortasun eredu iraunkorra. datuek erakusten dute, eredu hori zuzena dela, eta hiri barruan mugitzeko erabiltzaileen beharrak erantzuten dituela”.
Irunbus elektrikoa, otsailean
Balantzea egin du ordezkariak, baina gaurko agerraldia epe laburrean martxan jarriko duten IrunBusen linea %100 elektrikoaren gainean hitz egiteko ere baliatu du: “Erabateko erronka izan da eta ilusio handiz bizitzen ari gara proiektu hori; aldaketa urtea izango da, eta esperientzia honek, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzea ekartzea espero dugu”.
Linea elektrikoa artxan jarri aurretik, pantografo eta lau autobus berriak akoplatzeko beharrezko probak egiten ari direla jakinarazi du, bestalde. L1 linea elektrikoa otsailaren lehenengo asteetan martxan jartzea aurreikusi du udalak.