SPI: "Susmoa dugu udal gobernuaren plana enpresa pribatuei onurak ematea dela"
Azalerako aparkalekuak kentzea eta herritarrei beste aukerarik ez ematea leporatu diote gobernu sozialistari David Soto eta Miren Echevestek.
Irungo Si se Puede taldeak azalerako aparkalekuak kentzea eta herritarrei beste aukerarik ez ematea leporatu berri diote gobernu sozialistari. Gaur egin duten agerraldian, David Soto eta Miren Echevestek udal gobernuak “betiko kanpainarekin” jarraitzen duela salatu dute eta zenbait eskaera zehatz egin dizkiote taldetik.
Juan Wollmer plaza berria eraikitzeko obren harira, bizilagunei udalak eman dien irtenbidea kritikatu dute. Egun, Palmera Monteron lurpeko aparkalekua eskaintzen ari diete bizilagunei. Lehenik, aparkaleku hori enpresa pribatu batek kudeatutakoa dela salatu dute, eta gainera, leku nahikoa ez duela. “Horren guztiaren emaitza herritarrei TAO zerbitzua eskatzera behartzen zaiela da. Baina TAOk ez du arazoa konponduko, hain zuzen ere bizilagun guztientzako behar adina leku ez daudelako eta, arratsaldeko 19:00etatik aurrera auzoa gainezka egongo delako”, adierazi dute taldeko bozeramaileek.
Egoera horri aurre egiteko aukerak badirela adierazi dute. Aparkalekua 19:00etatik aurrera mugatzeko proposamena bota dute esaterako, eta Arbesen altuerako aparkaleku bat aztertzea egoki ikusten dute formazio moretik.
Horregatik guztiagatik, udaleko Cristina Laborda (PSE) ordezkariari aspaldi eskatutako datuak “irmoki” emateko exijitu diote, lurpeko aparkalekuaren okupazioari buruz, eta auzo bakoitzeko TAO txartelen ratioei buruz. Are gehiago. “Udal gobernuaren oinarrizko plana enpresa pribatuei etengabeko onurak ematea delaren susmoa” dute SPI taldean.