Hamarretik ia lauk gaizki erabiltzen du edukiontzi marroia Bidasoan
Eskualdeko 20.788 etxebizitzek hartu dute parte programan. Baldintza guztiak bete dituzten herritarrek 134,15 euroko murriztutako tarifa ordaindu dute.
Txinzer Txingudiko Zerbitzuak mankomunitateak jakinarazi berri duenez, joan den urtean bizilagunen %38ak ez zuen materia organikoa biltzeko programa behar bezala erabili. Hala, gaizki birziklatutako hilabete bakoitzeko 4,66 euroko isuna jasoko dute.
Bizilagunen txartel elektronikoen erabileraren arabera kalkulatu dute gaizki birziklatutako guztia. “Hilabetean gutxienez hiru aldiz erabiltzen denean (egun ezberdinetan), urtean bederatzi hilabetez zehazki, edukiontzi marroiaren erabilera egokia kontsideratzen da”, adierazi dute mankomunitatetik.
Orotara, eskualdeko 20.788 etxebizitzek hartu dute parte programan 2018. urtean. Gainera, baldintza guztiak bete dituzten herritarrek 134,15 euroko murriztutako tarifa ordaindu dutela jakinarazi dute (besteek 190,12 euro ordaindu behar izan dituzte).