2019ko aurrekontuei 25 zuzenketa aurkeztu dizkie EH Bilduk
Aurrekontuen zirriborroa lehenbailehen plenora eramatea exijitu diote udal gobernuari, eta udalbatzaren aniztasuna onartu nahi ez izatea leporatu diote.
Irungo EH Bilduk zenbait zuzenketa gehitu berri dizkio 2019ko aurrekontuei. “Aurrekontu hauek ez dira orain artekoak bezalakoak. Udal gobernuak ez du lehendabiziko aldiz gehiengorik, eta eszenario honek ate berri batzuk irekitzen dizkigu”, adierazi dute taldetik. Hori dela eta, udal gobernuarekin inongo negoziazioetan sartzeko asmorik ez dutela gogoratu dute, aurreko negoziazioek utzitako esperientzia dela eta.
Orotara, 25 zuzenketa partzial erregistratu ditu taldeak, eta zuzenketa horiek hiri ereduaren proiektuaren ardatzen isla direla diote. “EH Bildun garbi dugu gure proiektua, herritarron proiektua izan behar dela, eta horretarako, saio presentzialez gain, Irungo eragile eta elkarte desberdinekin izandako harremanetan ateratako proposamenak bihurtu ditugu zuzenketak”.
Arlo ugaritan proposatu dituzte zuzenketak. Gazterian adibidez, Talka plana proposatu dute, udal gobernuak “ahaztu” duen sektorea. Gazteriari zuzendutako zerbitzuak “urriak” direla salatu dute, eta gazteentzako zerbitzu eta aktibitateak hobetzeko teknikari baten kontratazioa proposatu dute (200.00 €). Etxebizitzan esaterako, etxebizitza hutsen errolda fidagarri bat diseinatzea nahi dute eta Lucas de Berroan kokatutako eraikina zaharberritzeko diru partida bat eskatu dute.
Era berean, SPI eta EAJrekin batera adostutako Txenpereneako proiektua errealitate bihurtu dadin zuzenketa bat ere aurkeztu dute. Gainera, energia plan bat edota berdintasuna bermatzeko emakumeon mapa bat egiteko proposamena egin du koalizio abertzaleak. Euskara da indartu nahi duten arlo horietako bat, eta horretarako, aisialdi giroan hizkuntza sustatzeko programa bat proposatu dute.
Memoria Historikoaren gaia ere udalak gaizki kudeatutakoa izan dela salatu dute EH Bildutik, eta horretarako pertsona baten kontratazioa beharrezkoa dela nabarmendu dute, lanaldiaren %50ean. Amaitzeko, migrazio digitala egiteko partida bat sartu dute, eta material zaharra euskarri berrietara pasatzea ezinbesteko ikusi dute taldetik.
25 zuzenketa horiek, guztira 2.471.000 euroko aurrekontua dute. Gainera, zuzenketa guzti horiez gain, “Irunen hain baztertuta duten reggae musika kulturari” diru gehiago inbertitzea ere proposatu dute.
Kentzeko zuzenketak
Zuzenketa guzti horiei aurre egin ahal izateko, ondorengo kentzeko zuzenketak aurkeztu dituzte: Cipriano Larrañaga-Zabaltza plazako errepidea eta Arbesko erresidentzia berriko errepidea (48.000 €), San Juan eremuko udal eraikina egiteko partida (1.200.000 €), Konpromiso kredituen Babes Ofizialeko Etxebizitzen sustapenerako agertzen den partida kentzea, 2019rako etxebizitza arloan taldeak proposatutako proiektuetara bideratzea eskatuz (1.400.00 €) eta asfaltatzeko kanpainetarako aurreikusita dagoen partidari 225.000€ kentzea. Guztira, kentzeko 2.873.00 euro direla kalkulatu dute.
Erantsitakoa eta kendutakoa alderatuz, oraindik 402.000 €ko margena dagoela diote EH Bildutik. Plenora bitarte, bestelako zuzenketak sartzeko aukera badagoela adierazi dute, eta dagoeneko oposizioko taldeekin hitz egiten ari dira aurkeztutako guztiak onartuak izan daitezen. “Aurrekonturik gabe pasatzen den egun bakoitza egun galdua da, dagoen dirua herritarrengan inbertitu ezin delako. Eta hau gertatzen da udal gobernua ausartzen ez delako dauden aurrekontu proiektu desberdinak mahai gainean jartzera”. Aurrekontuen zirriborroa lehenbailehen plenora eramatea exijitu diote udal gobernuari, eta udalbatzaren aniztasuna onartu nahi ez izatea leporatu diote. “Zenbaki borobiletan, gure zuzenketek %3a suposatzen dute, beraz, kantitate onargarri eta logikoa delakoan gaude”.