2019a "Irun berriaren eta politika berrien" urtea izango dela dio EAJ-k
Santanoren "lankidetzarako ezintasun" horrek 2018 urtean zehar zenbait egoera ekarri ditu Iridoyren ahotan, eta beste taldeekin kolaboratzeko "gaitasun eza" leporatu dio.
Irungo EAJk agerraldia egin du gaur goizean. Bertan, 2018aren balantzea egiteaz gain, 2019ra begira taldeak definitu dituen lerroak plazaratu ditu.
“2018a aldaketa urtea izan da. Irungo Udalak ezegonkortasun eta egonkortasun egoera bizi izan du azken hilabeteotan, gobernu sozialistak ez du eta udalerriko gainerako talde politikoekin kolaboraziorik izateko gaitasunik”, adierazi du Xabier Iridoy bozeramaileak. Santanoren “lankidetzarako ezintasun” horrek zenbait egoera ekarri dituela diote taldetik, eta Hegoaldeko Ingurabidearen proiektua gaizki kudeatutakoa izan dela leporatu diote. Halere, pozik azaldu dira berehala hasiko duten lehen faseko obrekin. Era berean, Korrokoitzeko gaian ere “urrats sendoak” eman dituztela adierazi dute jeltzaleek, eta oposizioko taldeekin akordioetara iristeko gai izan direla nabarmendu dute.
Urte berrirako taldeak definitu dituen erronken artean, “Irun erreferentziazko hiria” izatea dute EAJko kideek, eta horretarako, proposamenak lantzen ari direla diote, eta proiektu horri begira jada herritarrekin bildu direla euren kezka eta proposamenak entzuteko. “2019a Irun berriaren eta politika berrien urtea izango da”. Gainera, 2019ko aurrekontuei dagokienean, proposamen eta zuzenketa mordoa erregistratu dituztela gogorarazi du Iridoyk