Esklaboen izen-abizenak
Aiala Oronoz Mitxelena ikerlari hondarribiarraren azken lanaren arabera, 200dik gora presok 1942-1944 urteen bitartean Irungo Olaberria errekaren kanalizazioaren lanak egin zituzten.
Orduz geroztik hamarkada ugari igaro diren arren, frankismo garaiko arrasto ugari geratzen dira oraindik Irunen. Orduko ikurrez gain (egun udala azken ikurrak ezabatzen ari da), zutik jarraitzen dute eraikin eta azpiegitura askok. Horietako bat da irundarrek ziur ehunka eta ehunka aldiz zeharkatu duten Olaberria erreka. Soilik hiriko helduenek eta bizilagun oso gutxik dakite preso talde erraldoi batek egin zuela bertako kanalizazioa. Orain, ordea, Aiala Oronoz Mitxelena hondarribiarraren azken ikerketari esker, gaur arte itzalean egon diren dozenaka istorio horiek argia ikusi dute.
Eskualdeko Nicolas Guerendiain talde errepublikarraren elkartearen laguntzarekin, A pico y pala. Trabajos forzosos en Gipuzkoa. Destacamento penal de Irun liburua kaleratu berri du, hiriko memoria historikoaren alde urrats garrantzitsua emanez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa ere jaso du argitalpenak.
Jaiotzez hondarribiarra izan arren, harreman handia du Irunekin, eta bereziki Olaberria inguru horrekin. Ama Irungoa du, eta bere aiton-amonek ere hirian egin zuten bizitza, Olaberriako kanaletik oso hurbil.
Irungo errepresaliatuen inguruko lan batek eraman zuen Oronoz egun kaleratu berri duen argitalpena idaztera. «Oñatin dagoen artxibo historikoan Irungo zigor destakamentuan eta Gipuzkoako beste destakamentutan egon ziren presoen espediente penitentziarioak aurkitu nituen», kontatu du. Orduan «sorpresa» handia eraman zuela onartu du, eta «hari horri tiraka», proiektuari ekin ziola. «Memoria historikoaren berreskurapenaren barruan izenak biltzea, identifikatzea zein ziren preso horiek, errekonozimendu hori egitea pertsona talde horri», hori izan da hasieratik proiektuarekin lortu nahi izan duena.
Oronozek kontatu duenez, frankismoaren hasieran ohiko bilakatu zen Espainiako Estatu guztian zehar presoak kalean lanera behartuta ikustea. «Kartzelen egoera oso larria zen, gainezka zeuden erabat, ez zegoen hainbeste jenderentzako lekurik». Hala, gehienak bortxazko lanak egitera behartzen zituztela azaldu du. Gainera, Gipuzkoan bereziki «fenomeno globala» eman zela kontatu du, ia herri guztietan antzeko kasuak ematen zirela. «Presoak Gipuzkoara ekartzen zituzten, Donostiako Ondarretako kartzelan bildu eta handik destakamentuetara eramateko». Eta destakamentu horiek guztiak diktaduraren aginduetara zegoen enpresa berberak eramaten zituen: Ferrocarriles y Construcciones ABC. Hala, 1942 eta 1944 bitartean zehazki, ehunka behartutako langilek gogor egin zuten lan egun Dunboa kanal gisa ezagutzen den errekaren inguruan.
Irundarrik ez
1938an Patronato Central Para La Redencion de Penas Por Trabajo delakoa sortu zutela azaldu du hondarribiarrak, Estatu mailako bortxazko lan guztiak kudeatzeko. Urtero, memoria batzuk egiten zituzten, eta horiek dira gaur arte iritsi diren informazio iturri bakarrak. Datu ofizialen arabera, 180 presok egin zuten lan Olaberria inguruan, baina Oronozek gehiago aurkitzea lortu du. Orotara, 207 preso identifikatu ditu.
Bildutako informazio guzti hori liburuan ikus daiteke, ez du detailerik landu gabe utzi. Izen-abizenak, jaioterria, lanbidea, historia… Preso horiek, finean esklaboak, gertuago ezagutzeko aukera ematen du argitalpenak, modu berezian orain dela ia 80 urteko Irunera bidaiatzeko.
Preso horietatik gehienak Jaen, Extremadura edota Asturiastik iritsitakoak izan ziren, baina Gipuzkoatik etorritakoak ere izan zirela ondorioztatu du ikerketan. Jaiotzez sei gipuzkoar eta lurraldean bizi ziren 18 izen-abizen aurkitu ditu. Gainera, lanak Irunen izan arren, ez du irundar bakar bat ere identifikatu. «Ez dut irundarrik aurkitu, baina horrek ez du esan nahi agian ez zegoenik. Ez dugu iturririk zehazki jakiteko».
Egindako lanak bere fruituak eman ditu. Oronozi Oñatiko artxibotik jakinarazi diotenez, hondarribiarrak bildutako informazioa indexatu dute. Artxibo hori elikatzen jarraitzea, ikerlariaren hurrengo pausoa.