Aiala Oronoz: «presoen senideekin hitz egiteak asko betetzen zaitu»
Ia bi urte eman ditu frankismo garaian Dunboa kanalean lan egin zuten presoen informazioa biltzen. Dokumentazioaz gain, Irungo helduenen testigantzak jaso ditu.
Ia bi urte eman ditu Aiala Oronoz Mitxelena hondarribiarrak frankismo garaian Dunboa kanalean lan egin zuten presoen informazioa bildu eta liburu batean islatzen. Dokumentazio lanez gain, Irungo helduenen testigantzak jaso ditu.
Nondik eskuratu duzu dokumentazioa?
Jaso dudan informazio gehiena espediente penitentziarioetatik eskuratu dut. Horiek presoen bizimoduari buruz ez dute ezer esaten, eta hori pixka bat osatzeko bidean, Irungo jende ugarirekin bildu naiz. Ez da testigantzak jasotzeko ikerketa bat izan, baina bai egon naizela kontaktuan presoen senideekin eta gertuko batzuekin. Eurek diotenez, gogoan dute presoak lanean ikustea, gogoratzen duten guztia kontatu didate.
Nolakoa zen preso horien bizitza?
Irungo udal artxiboa arakatuz, 1943ko erroldan 86 presoren izenak apuntatuak agertzen ziren. Dokumentu horien arabera, kanaletik gertu zegoen udal hiltegian egiten zuten lo. Lista horretan zigortu bezala agertzen ziren euren izenak. Irungo helduenek oraindik gogoratzen dute hura, eta kontatu didatenez, kanalizazioa egiteko eraikina bota behar izan zuten. Gero ere kontatu didate baratzeetatik lapurtzen aritzen zirela presoak, arbiak gordinik jateko. Errepresioa hain bortitza zen eskapo egiteko aukerarik ez zegoela. Irungo destakamendutik ez dut ihesaldirik jaso, baina bai jaso dut Eibarko destakamentutik ihesaldi bat. Ihes egin ostean, hemen, Bidasoa ibaian hil zituzten lau preso horiek Frantziara pasatzen saiatzen ari zirelarik.
Garai hartako errepresio horretaz ere hitz egiten dut liburuan. Irunen eta Gipuzkoan sekulako kontrola zegoen, segituan sartu ziren tropa nazionalak. Irailaren 5ean hemen gerra bukatu zen, sekulako errepresioa jasan zuten irundarrek.
Trukean zerbait jasotzen zuten presoek?
Preso hauen lana legislatua zegoen. Diktadura batean lege bat bidezkoa den ala ez esatea erokeria da, legitimoa den ala ez. Edozein langilek baino baldintza eskasagoetan egiten zuten lan, batez ere ez zutelako soldata berdina jasotzen. Suposatzen da enpresak jasotzen zuela langilearen soldata hori. Obra publikoa izan zen kanalizazioarena, orduan Bide Publikoko Ministerioak egin zuen proiektua, eta hark enpresari diru kopuru bat ordaintzen zion. Suposatzen da langile normal bati bezala ordaintzen ziotela, baina gero presoak ez zuen diru guztia jasotzen. Dokumentuetan ikusi dudan bezala, enpresek bazeukaten baimena presoei zapatak eta arropa erosteko, baina hori ere beraien diruarekin erosi behar izaten zuten. Beste gauza kurioso bat baldintzapeko askatasuna lortzen zutenean gertatzen zen. Preso hauek oso urrutikoak ziren eta beraien etxera bueltatzen zirenean bidaia ere ordaindu behar izaten zuten. Zenbat ordu lan egiten zuten? Hori ezin izan dugu kalkulatu. Jendearen testigantzek diotenez, bazeukaten halako denbora libre bat. Presoak izan arren, modu batean aske ziren, oso bortitza da. Hemen, Irunen, Erlaitz azpiko zona horretara joaten zirela diote testigantzek, baina ez dugu idatziz aurkitu. Irundarrek gauza asko kontatu dizkigute, baina lekuko horiek bere garaian oso gaztetxoak ziren eta helduenak ez daude gure artean.
«Errepresioa hain bortitza zen, ihes egiteko aukerarik ez zegoela»
Garai hartako arrastorik geratzen da?
Preso horietako batzuen oinordekoak hirian bizi dira. Garai hartan kartzelen egoera larria zen oso, eta legislazioa aldatzen hasi ziren preso horiek presondegitik ateratzen hasteko, estatuak ezin zuen hori guztia mantendu. Baldintzapeko askatasuna eskuratzen zutenean, galdeketa bat egiten zioten langileari: ‘non finkatuko duzu zure erresidentzia erbeste kasuan?’. Dokumentu horietan ikusi dut batzuek Irun jarri zutela. Kasu ugari dira. Gainera, beraiek lanean egon ziren Mosku inguruan, Santa Elena kalean edota Ermita kalean geratzeko asmoa zuten. Nik dakidala preso horietako bik Irunen egin zuten bizitza, bi kasu ditugu dokumentatuta. Beraien seme-alabekin ere izan naiz, eta haiek diotenez, soilik bi kasu horiek ezagutzen dituzte, haienak alegia. Bat Kanariar Uharteetakoa zen, eta bere semearekin hitz egin nuen. Bestea Asturiaskoa, eta bere alabaren testigantzak jaso nituen. Senideak ezagutzea oso garrantzitsua izan da, enpatia hori sentitzen duzulako. Senideekin hitz egite horrek asko betetzen zaitu. Gauza asko elkarbanatu ditugu, oso esperientzia polita izan da.
Irunen horrelako kasurik ikertzeke geratzen da?
Bai, baina ez destakamentu penal gisa. Dunboa kanalekoak zigor destakamentuak izan ziren, baina bestelako lanetan langileen batailoiak erabili zituzten, bi gauza ezberdin dira. Batailoia armadara bidaltzen zituztenek osatzen zuten, zigor moduan. Bestalde, destakamentuak zeuden, eta horietan kondenatutako presoek egiten zuten lana. Aipatutako batailoi horiek lan ugari egin zituzten hemen inguruan. Gaintxurizketako errepideak, adibidez, frankismo garaian eraikitakoak dira eta Ibarlatik Erlaitzera igotzen den bidea ere langileen batailoi batek egin zuen. Baina dakidala, zigor destakamentuek Irunen soilik Dunboako kanalizazioa egin zuten. Halere, ezin dut ezer ziurtatu, iraganari buruz dakiguna ezin baitugu horrela izan dela osoki esan. Horrelako gaietan dokumentazio gutxi dago, oraindik osatzeke dagoen lanak dira. Baieztatu dezakegun gauza bat da Irungo presoak Errenteriara eraman zituztela, bertan Oiartzun ibaiaren kanalizazioa egiteko.
«Preso horietako bik Irunen egin zuten bizitza; beraien seme-alabekin izan naiz»
Aurretik tankera horrelako proiektu ugari egin dituzu, ezta?
Hala da. Lagun baten bitartez hasi nintzen mundu honetan. Orion Lau Haizetara Gogoan plataformak proiektu bat egin zuen, 1936ko Gerra eta gerraostearen inguruko testigantzak jasotzeko. Ezagun horrek proiektuan parte hartzera animatu ninduen, eta hilabete ugari eman nituen proiektu horretan. Orduan ikusi nuen gaiak asko erakartzen ninduela, gogoa sartu zitzaidan halakoak egiteko. Hala, Nicolas Guerendiain elkartearekin batera, Orioko proiektu hori Irunera ekarri nuen. Orduan hasi nintzen hiriko lehen testigantzak jasotzen. Orain, (elkarte berberarekin) beste proiektu batekin gabiltza, Irungo errepresioaren maparena.
Beti dago zerbait ikertzeko. Irungo testigantzak jasotzean, adibidez, gauza asko erantzunik gabe geratu dira, ezinezko egin zaigu informazio asko biltzea. Erregimena nola antolatu zen hain azkar errepresioa hain bortitza izateko? Erantzunik gabeko milaka galdera datozkit burura. Galdera asko sortu dira beste galdera batzuei erantzunak bilatzen ibili garen bitartean. Horiei erantzuteko asmoz hasi ginen maparekin. Badakigu gertatutakoa osorik ezagutzeko lan handia dagoela oraindik aurretik.