'Jubilazioari nola aurre egin: ametsak eta erronkak' kurtsoa hasiko dute hilaren 17an. Bertan, erretiroarekin batera datozen onurak landuko dituzte, besteak beste.
Gaur aurkeztu dute ikastaroa.
Irungo Udaleko Ongizate sailaren 2019ko lehen proiektua abian da. Julio Diez psikologoarekin batera, Sergio Corchon ordezkariak ‘Jubilazioari nola aurre egin: ametsak eta erronkak’ kurtsoa aurkeztu berri du. Jubilazioarekin batera datozen onurak landuko dituzte iakstaroan, Irungo bizilagunek erretiroa baikortasunez hartu dezaten, prozesu horretan laguntza gisa.
‘Eguneko orduak betetzeko gai izango naiz?’, ‘fisikoki nola egongo naiz?’, ‘nire beharretarako diru nahikoa izango dut?’, ‘laneko lagunak galduko ditut?’ edota ‘gustuko gauzak aurkituko ditut?’ galderei erantzuna bilatuko diete ikastaroan. Kurtsoa, hilaren 17 eta 31ean eta otsailaren 14an egingo dute, Palmera Montero gunean, 18:30tatik 20:30tara.
Udaletik jakinarazi dutenez, kurtsoa doakoa izango da. Izena emateak 010 telefono zenbakian edota HAZ zerbitzuaren bitartez egin beharko dira, hilaren 13ra (igandea) bitarte. Orotara, 20 plaza izango dira.