'Manadako' bost erasotzaileak baldintzapean aske jarraitzeko erabakiak eztabaida handia sortu du herritarren artean, baita Bidasoan ere.
Joan den martxoaren 8ko mobilizazio historikoan bildutako irudi bat (Irun).
Atzo, Nafarroako Probintzia Auzitegiko epaimahaiak ‘Manadako’ bost erasotzaileak baldintzapean aske jarraitzea erabaki zuen. Erabakiak eztabaida handia sortu du herritarren artean, baita Bidasoan ere. Irungo M8 asanblada feministak mezu zehatza plazaratu nahi izan du: “Erailtzea, bortxatzea eta abusatzea dohainik ateratzen zaie gizon harrapakariei”.
Emakumeen aurkako indarkeriarekin erlazionaturiko kasuetan epaitegiak berdintasunean prestaturik ez egotea “lotsagarria” dela adierazi dute mugimendutik, eta egoerari buelta emateko epaitegiak diruz hornitzea beharrezkoa dela nabarmendu dute. “Gobernu Estatalak ez du oraindik lortu, indarkeria matxista saihesteko paktu estatala diruz hornitzea”, adierazi dute. Era berean, maitasun erlaziotatik at, bortxatua, abusatua edo eraila izanez gero, eraso hori genero indarkeriatzat hartzen ez dela gogor salatu dute.
Horrelako egoerekin bukatzeko oihua plazaratu nahi izan dute mugimendutik. “Indarkeriarik gabeko mundu libre eta aske batengatik! Ezta bat gehiago ere, bizirik nahi gara!”, gehitu dute.