Oposizioko SPI, EAJ eta EH Bildu taldeen proposamenak baiezkoa jaso du. Orain, alkateari proiektua onartzeko eskatu diote.
David Soto (SPI), Jokin Melida (EH Bildu) eta Xabier Iridoy (EAJ), atzoko agerraldian.
Irungo SPI, EAJ eta EH Bildu taldeek agerraldi bateratua egin zuten atzo Txenperenea inguruan. Bertan, Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko oposizioko hiru talde nagusien proposamenak aurretiko ikerketen baiezkoa jaso duela jakinarazi zuten. Ikerketa horren arabera, baliokoa da eremua.
“Irun eta irundarrek jada 25 urte daramatzate arazoari konponbide bat emateko esperoan”, adierazi dute. Gobernu sozialistaren “frustrazio eta ezintasuna” nabarmendu dute eta alderdien gehiengoen, mugimendu ekologistaren eta kirol kluben babesa jaso duela proiektuak.
Udaleko Hirigintza saileko teknikariek egindako aurretiko ikerketa horretan, honako ondoriotara iritsi dira: Txenpereneako pistak instalatzeak ez du eremuko eraikigarritasunean eraginik, araudiak exijitzen duen gune berdeen ordenantza errespetatzen da, hirigintza iraunkorra izateko aukera ematen du, mugikortasun bateratua eta trinkoa eskainiko du eta lurzoruaren kostua doakoa da. Horri guztiari, oposizioko hiru talde nagusiek zenbait aspektu nabarmendu nahi izan dituzte, hala nola, proiektua merkeena dela eta hiriko erdigunearekin duen gertutasunak mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetuko dituela.
Orain, Santano alkateari proiektu berria onartzeko eskaera luzatu diote hiru taldeek, “hamarkadaz enkistatutako proiektuari irtenbidea emateko”.