EAJ taldeko senatari Maria Eugenia Iparragirrek atzo Renfeko presidentearekin izandako bileran, trenen maiztasuna handitzeko "aukera guztiak ikertzeko" konpromisoa hartu du Renfek.
Atzoko bileraren irudia.
EAJ taldeko senatari Maria Eugenia Iparragirrek bilera izan zuen atzo Renfeko presidente Isaias Taboarekin. Bilera horretan, Irun eta Donostia bitarteko trenen maiztasuna handitzeko “aukera guztiak ikertzeko” konpromisoa hartu du Renfek, Gaintxurizketako tunelaren obrak jarraitzen duten bitartean.
Iparragirrek hiriko zenbait bizilagunen elkarteen kezkak helarazi dizkio Renfeko presidenteari. EAJko kideak ordu erdiro tren bat izateko beharra nabarmendu du, esaterako, Irun-Hendaiako mugaz gaindiko loturaren arazoa konpontzeaz gain. Trenen maiztasuna handitzeko erabakia Adifek Gaintxurizketako obrak egiteko dituen epeen arabera erabakiko dutela jakinarazi dute. Taboak erabiltzaileen kexak ulertzen dituela adierazi du, eta ahalik eta modu gardenean informazio hori helarazteko konpromisoa hartu du.