400 lagun inguru bildu ziren atzo Irun eta Hendaia arteko Santiago Zubian, 'Eskubide berdintasuna, zirkulazio askatasuna' lelopean.
Ehunka lagunek hartu zuten parte atzoko mobilizazioan.
400 lagun inguru bildu ziren atzo Irun eta Hendaia arteko Santiago Zubian, ‘Eskubide berdintasuna, zirkulazio askatasuna’ lelopean. Atzoko mobilizazioa pertsona guztientzako eskubide guztiak aldarrikatzeko baliatu zuten Irungo Harrera Sareko eta Iparraldeko Etorkinekin elkarteetako kideek, “kontrol eta politika arrazistak” salatzeko. Eskualdeko zein Hendaia eta Iparraldeko elkarte, alderdi politiko, eragile eta sindikatu ugari bildu ziren bertan.
Errepidearen bi aldetan elkarretaratu ziren lehenik Hendaia eta eskualdeko herritarrak. Ondoren, bi norabideak moztu ostean, Ficobarako bidea hartu eta Hendaiako Erretenzio Zentrorako bideratu ziren, manifestazio moduan.
Egun Irundik Hendaiarako bidea hartzen duten ehunka migranteek “mugen eta munduko herri aberatsenetako gobernuek daramaten migrazioaren aurkako politiken biktimak” direla salatu zuten bertan, eta azkenaldian Europan bereziki gorakada izaten ari den arrazakeria eta faxismoaren kontrako mezua zabaldu nahi izan zuten. “Zirkulazio askatasuna” oihu ugari entzun ziren ibilbide guztian zehar.
Europako gobernuek daramaten “austeritate politikak” gogor salatu zituzten Erretentzio Zentro parean, eta ondorioz, lorpen sozialen galtzea etorri dela argudiatu zuten. “Denak batera lanean jarraituz gero, jendarte hobeago eta berdinzaleago baten aldeko borroka”, adierazi zuten antolatzaileek.
Manifestazioa
Era berean, manifestazio nazionala antolatzen ari da Irungo Harrera Sarea. Datorren hilaren 26an (asteazkena) egiteko asmoa dutela jakinarazi dute, 17:00etatik aurrera, Ficobatik aterata. Manifestazioaren mezua, garbia: Euskal Herria harrera herria izatea, gizaki guztien eskubideen defentsa eta erabateko zirkulazio askatasuna.