Gaur (hilak 17), Migranteen Nazioarteko Egunaren harira, Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea deitu du. Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago Zubian egingo dute, 19:00etan.
Migratzaile talde bat, San Juan plazan. (Gari Garaialde / BostokPhoto).
Gaur (hilak 17), Migranteen Nazioarteko Egunaren harira, Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea deitu du. Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago Zubian egingo dute, 19:00etan.
Iparraldeko Etorkinekin elkartearen deiarekin bat egin dute Harrera Sareko kideek. Hala, Hendaiako Erretentzio Zentrora bideratuko dira, harrerako kideek definitu duten bezala, “migranteentzako kartzela” horren parera. Gaurko deialdia pertsona guztientzako eskubide guztiak aldarrikatzeko baliatu nahi dute, “kontrol eta politika arrazistak” salatzeaz gain. Era berean, “egiturazko fenomeno bati erantzun duina eta solidarioa emateko pertsona eta elkartasun-erakundeen borondatea eta lana balioetsi” nahi dute.
Migranteen etorrerarekin batera, Irun eta Hendaiako muga desagertu ez dela argi geratu dela diote saretik, eta poliziaren kontrolek migranteen eskubideak urratu eta kolokan jartzen dituzten bitartean. Gainera, erakundeek harrerarako ezarritako neurriak “berandu eta askotan modu eskasean” jarri dituztela salatu dute.
Mugaren bi aldeetako kolektiboei deialdia luzatu diete Harrera Saretik gaurko mobilizazioan parte hartzeko, “harrera sareen funtsezko papera aldarrikatzeko eta elkartasuna sustatzeko”.