Taldetik salatu dutenez, aurrekontuak "erabat kontinuistak" dira. "Gutxi dira agertzen diren aldaketak, eta hauetako asko legeak hala behartuta egin dira", adierazi dute.
Jose Diez, Jokin Melida eta Dani Berasategi EH Bilduko udal ordezkariak.
Orain dela lau aste inguru, 2019ko aurrekontuetarako udal gobernuak egindako proposamena jaso zuten oposizioko talde guztiek. EH Bildu taldetik salatu berri dutenez, aurrekontuak “erabat kontinuistak” dira. “Gutxi dira agertzen diren aldaketak, eta hauetako asko legeak hala behartuta egin dira”, adierazi dute koalizioko bozeramaileek.
“Udal gobernuaren aurrekontu hauek ez dute ezer berririk aurkezten”. Irun luzaroko langabezi tasan lehenengo postuetan dagoela salatu dute, eta errenta pertsonala Gipuzkoako baxuenetakoa dela. “EH Bildu ezin da aurrekontu hauen konplizea izan. Ez dira batere berritzaileak, aurreko 30 urteotako gabeziak mantentzen dituzte, eta ez diote gure hiriaren errealitateari aurre egiten”, gehitu dute.
Egoera horren aurrean, hausnarketa propioa plazaratu du koalizioak. “Irungo EH Bilduk argi eta argi azaldu nahi du 2019ko aurrekontuetan, ez dugula udal gobernuarekin inongo negoziazioetan sartuko”. Erabaki hori hartzeko ondorengo aurrekari eta argudio jarri dituzte mahai gainean: azken urteotako txikikeriak edo apurrak, kreditu aldaketarekin gertatutakoa edota udal gobernuaren komunikazio kanal eza.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk “aurrekontuen lanketa serio eta sakona” egingo duela jakinarazi du. Horretarako, elkarte eta eragile ezberdinekin “entzute ariketa bat” egingo dutela diote, ondoren, zuzenketa ezberdinak planteatzeko. Proposamenarekin aurrera egiteko, udalbatzaren gehiengoa beharko du koalizioak, eta hori dela eta, oposizioko taldeekin hitz egiteko eta akordioetara iristeko asmoa adierazi du.