Bizitza oso bati aitortza
Jose Gracenea Irungo artista ospetsuaren ibilbidea erakusketa berezi batean jaso du bere seme Iñakik, margolaria ere. Urtarrilaren 13ra bitarte bisita daiteke, Menchu Gal aretoan.
Hirurogeita hamar urteko ibilbidea erakusketa bakar batean. Jose Gracenea margolari irundar ospetsuaren sormen historia laburtzea zaila den arren, bere seme Iñakik 1950eko hamarkadatik gaur bitarteko lanekin apaindu ditu Menchu Gal aretoko hormak. Margolariari aitortza gisa, Irungo Udalarekin elkarlanean, hiria, Bidasoa eta mundua haren begiekin ikusteko aukera dago datozen asteotan.
Aitaren lana inork baino hobeto ezagutzen du semeak, bera ere artista baita eta txikitatik, aitarekin milaka esperientzia bildutakoa baita. Gainera, aitaren osasun fina dela-eta (91 urte ditu egun), semeak hartu du erakusketa prestatzeko gidaritza.
Semeak azaldu duenez, proiektuaren helburua, hasieratik, artistari gorazarre egitea izan da, Josek hiriari eta arteari emandako guztia modu berezi batean eskertu eta saritzeko. Gainera, erakusketarekin «artistaren ibilbidea eta Irungo bizitza uztartu» ere izan nahi dituela azaldu du semeak. Iñaki hondarribiarra izan arren, aitak betidanik harreman handia izan du Irunekin: bertan jaio eta bizitza egiteaz gain, hiria izan da Joseren artelan askoren agertoki nagusia. Irungo kale, plaza eta bertako bizitza izan ziren bere lehen inspirazio iturriak.
Bi atal —eta areto— nagusitan banatu dute erakusketa. Lehenengoan, margolari bezala igarotako lehen hamarkada ikus daiteke, eta bigarrenean, berriz, 1960ko hamarkadatik gaur arteko eboluzioa. Orotara, hogeita hamar lan baino gehiago daude ikusgai, oso ezberdinak, askotarikoak. Erakusketa artistaren historian zehar bidaia bat dela dio semeak, nolabait «bere ahots pertsonala» entzun eta ikus daitekeela obretan. Bertan aurki daitekeen lan zaharrena 1957 ingurukoa da, eta berriena, berriz, orain dela sei urtekoa.
Joseren lanez gain, zenbait bitrina ere jarri dituzte bi aretoetan, eta bertan artistak bizitzan zehar bildutako titulu, miretsitako artisten obrak eta bestelako elementu ugari daude ikusgai, informazio gehigarri gisa. «Bere bizitza nolakoa izan zen ezagutzeko pistak ematen dituzten elementu ugari daude erakusketan, artea nola ulertzen zuen erakusten dutenak», gehitu du semeak.
1949an hasi zuen ibilbidea Jose Graceneak margolaritzaren munduan. Testuinguru zail batean bizi arren (1936ko gerrak ekarritako ondorioak ere gogor pairatu zituzten irundarrek), «artista izateko grina» horrek ikasketa eta zenbait bidai egitera animatu zituen Jose. Kosta ahala kosta, irundarrak margolaria izan nahi zuen, eta pausoz pauso, bere ametsak egi bihurtu zirela kontatu du semeak. Hasiera hartatik, dozenaka sari jaso ditu irundarrak, eta Europako eta bereziki Espainiako Estatuko hamarka museotan bere koadroak zintzilikatu dituzte sarritan. Egun, esaterako, Alemaniako museo batean bere obra bat ikusgai dago.
Bereziki, kalean edota paisaian ikusten zuen hura margotzeko joera zuen artistak, eta ia beti, kalean bertan margotzen zituen koadroak. «Nire aitak ez du sekula estudiorik izan, eta bereziki kalean egiten zituen obrak. Gogoan dut Irun edo Hondarribiko kaleetara margotzera ateratzen ginenean. Bizitzeko era bat zen, bere lana hori zen eta biek genuen gustuko». Kalean orduak eta orduak pasatu dituela kontatu du Iñakik, biek aurrean ikusten zutena euren modu pertsonalera islatzen. «Nahiko bizitza bohemioa izan du aitak, margotzeaz gain, esaterako, kaleko giroa gitarrarekin alaitzeko ohitura zuen», dio. Nabaria da oroitzapen politak dituela aitarekin eta ziur oraindik Irungo helduenek ere gogoan izango dutela Jose, hiriko plazetan, mihise baten aurrean bere pintzelei eragiten.
Irun eta eskualdetik harago, mundu erdia zeharkatzeko aukera izan du margolariak Madril, Londres, Paris, Finlandia, Suedia… Hamaika herrialde bisitatu ditu Josek azken mende erdian, eta bidai guztietatik margolan ederrekin bueltatu da. Horietako asko ere ikusgai daude erakusketan.
Aitak bizitza osoan zehar erabilitako teknika zein den kontatu du Iñakik. «Lan guztietan ikusten duenaren esentzia islatzen du, eta hori transmititzeko kolorea baliatzen du». Inguruan dituen gauzengandik kolorea aztertzen duela azaldu du semeak, eta ematen dion sentsazio horrek abstrakzio batetara eramaten duela. Hala, ehunka lan egin ditu hirurogeita hamar urteotan, eta oraindik etxeko kutxan gordeta dituela aitortu du Iñakik, dagoeneko hiriko eta eskualdeko kultur ondare garrantzitsua den altxor horrek oraindik argia ikusi ez duela.
Irungo zati bat
Jesus Graceneak hirian eta bizilagunen artean arrasto handia utzi duela, eta oraindik uzten ari dela azaldu du semeak. «Irungo zati bat dela esaten dute askok, jende askok maite du». Lanean buru-belarri aritu ostean, hirian «sare handia» osatu duela dio, eta oraindik bere koadroak erosteko joera badagoela eskualdeko biztanleen artean. Gainera, semeak kontatutako anekdotei erreparatuz, belaunaldiz belaunaldi igaro da ohitura hori, gurasoek seme-alabei pasatu dietela dirudi.
91 urterekin, Jesus Graceneak oraindik margotzen jarraitzen duela dio, harro, semeak. Ez dira garai bateko obrak, baina oraindik pintzelkadak emateko trebetasun hori mantentzen duela. «Margotzea da bizirik mantentzen duena. Bere nahia 100 urte eta gehiago bizitzea da, eta nola ez, margotzen», dio, barrez, semeak. Seguru pintzelkada eta koadro mordoa falta zaizkiola oraindik egiteko.
Josek hainbat seme-alaba izan arren, soilik Iñakik hartu dio lekukoa aitari. Egun, Oiartzungo Pagoaldea poligonoan du egoitza. Duela 15 urtetik, bertan koadroak marraztea izan da bere hobby eta aldi berean ogibidea. Aitarekin egindako Alemaniarako bidai horietako batean hartu zuen lehenengoz pintzela eskuetan Iñakik, eta ordutik, ez du sekula utzi. «Senide guztiek betidanik margoarekiko harreman hori izan dugu». Arte Ederrak ikasi ostean, ibilbide luze bati ekin zion hondarribiarrak. Egun, kontatu duenez, proiektu ugaritan ari da lanean aldi berean. Aitak bezala, jada ehunka eta ehunka lan bildu ditu.
Jose Gracenearen bizitza gertutik ezagutzeko interesa dutenek, ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara edota igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era Menchu Gal aretora gertura daitezke. Sarrera doan da. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.irun.org/turismo webgunean eskuragarri dago.