Hiru taldeek proposatutako proiektuaren inguruko azterlanak oraindik aurkeztu ez izana leporatu diote SPI, EAJ eta EH Bilduk udal gobernuari.
Melida (EH Bildu), Iridoy (EAJ) eta Soto (SPI).
Joan den ekainean, Irungo Si Se Puede, EAJ eta EH Bildu taldeek, Plaiaundiko kirol instalazioei konponbidea ematea adostu zuten. Hala, Txenperenea-Mendebaldeko kokapen berria aurkeztu zuten udalean oposizioko hiru talde nagusiek, “beraien arteko desberdintasun alderdikoiak alde batera utzita”.
Ordutik jada sei hilabete pasatu direla gogorarazi dute. Azaroaren 30etik udal gobernuak kokapen berriaren aldez aurreko azterlanak eskura dituztela diote, eta beste taldeei oraindik aurkeztu ez izana leporatu diote Jose Antonio Santano alkateari eta haren taldeari. “Hasieratik kirol kluben, ekologista taldeen eta oro har herritarren babesa duen kokalekua izateaz gain, leku merkeena da”, adierazi dute hiru taldeetako ordezkari David Soto, Xabier Iridoy eta Jokin Melidak. Gainera, pista berrien irisgarritasuna eta hiriaren erdigunearekin duen gertutasuna nabarmendu nahi izan dute oposiziotik.
Irungo Udalak Plaianduko parke naturala babesteko pistak lekuz aldatzeko konpromisoa hartu zuenetik jada 25 urte pasatu direla ere leporatu diote udal gobernuari, ez direla gai izan arazoari konponbidea emateko. “Jakin dugun gauza bakarra da joan den azaroaren 30etik Santanok aurretiazko azterlanak dituela, eta oraindik ez digu horren berri eman. Are gehiago, gaur Hirigintza Batzorde Informatibo bat dugu, eta bertarako bidali diguten gai zerrendan, gobernu sozialistak ez du gai hori jorratzea begietsi ere egin”. Era berean, udal gobernuaren “arduragabekeria” nabarmendu du oposizioak, “premia handia duen arazo bati konponbiderik ez emateagatik”.
Horregatik, SPI, EAJ eta EH Bildu taldeek Santanori “Txenpereneako azterlanak ahalik eta lasterren” aurkeztea exijitu diote: “Irunek aurrera egin ahal izateko, gure hiriak kirol instalazio duinak behar ditu. Santanok bere interes alderdikoiak alde batera uzteko, eta hala, irundarren benetako beharrizanetara begiratzeko garaia iritsi da”.