Irungo Ezker Abertzaleak, Sortuk, Ernaik eta LABeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Irungo Gizarte Segurantzaren egoitzan.

Gaurko agerraldiaren irudia.
Irungo Ezker Abertzaleak, Sortuk, Ernaik eta LABek agerraldia egin dute gaur Irungo Gizarte Segurantzaren egoitzan. ‘Pentsio sistema publiko eta propioa’ lelopean, Euskal Herriko pentsio sistema burujabe baten alde egin dute, eta horretarako, bi deialdi zehatz luzatu dituzte irundarren artean.
“Pentsio duinak aldarrikatzean Euskal Herriko pentsio sistema propioa eta lan harremanetarako marko propioaren beharraz gero eta gehiago konbentzitzen ari gara”, adierazi dute bertaratutako ordezkariek. Estatu tresnak beharrezkoak direla nabarmendu dute, “modu demokratikoan herritar sektoreen ongizatea bermatzeko”. Gainera, pentsio duinen aldeko borrokak “Euskal Herri subirano baten aldeko mugimendua edukiz betetzen” duela nabarmendu dute.
“Justizia soziala ardatz izan, eta klaseen existentziaren kontra eta demokrazia ekonomikoaren alde pausuak emateko prest egongo den Euskal Herri bat eraikitzeko” bide horretan, pentsio duinen borroka Euskal Herri eskalan kokatzen asmatzea “estrategikoa” izan da haientzat.
Ezker Abertzaletik Euskal Herriak bere subirautza osoaren bidean daraman prozesuaren eta pentsio duinen aldeko borrokaren artean “ezinbesteko lotura” ikusi dute. Hala, bi dei egiteko probestu dute gaurko agerraldia:
- Gorputz eta arimaz injustizia neoliberal berri honi aurre egin eta pentsio duinen alde borrokan dabilen orori hausnarketa deia egin nahi diogu. Egungo Estatu Espainiarrean minimo horiek lortzea posible den pentsatzera, eta ezekoaren kasuan, estatuko beste herriekiko elkartasun printzipioa galdu gabe, euskal pentsio sistema eta lan harreman marko propio baten aldeko prozesu subiranistara batzeko deia egiten dugu. Justizia soziala bermatuko duen euskal demokrazia herritarrarengatik.
- Dei egiten diogu prozesu subiranistan murgilduta dagoen EA-ko oinarri sozial guztiari pentsio duinen borroka bere egin dezan, eduki herritar konkretuz betetzen baitu Euskal Herri sozialistaren proiektua eta subjektua. Horrela, independentzia, sozialismo eta feminismotik, dei egiten diogu gure oinarri sozialari.
Amaitzeko, pentsio duinen aldeko hego Bidasoko eskualdeko plataforman parte hartzeko deialdia luzatu dute herritarren artean, eta era berean, larunbateko Donostiako manifestazioan parte hartzekoa ere.