Aurrekontuen eztabaidan 46 zuzenketa partzialetatik bi baino ez onartzea kritikatu du Hondarribiko oposizioko lehen taldeak.
Abotsanitzeko hiru zinegotziak, prentsaurrekoan
Hondarribiko Abotsanitz udal taldeak prentsaurrekoa eman zuen joan den astean,
2019ko aurrekontuaren eztabaidaren inguruan bere ikuspegia emateko. Osoko zuzenketa eta 46 zuzenketa partzial aurkeztu zituen, eta horietatik bi baino ez zituzten onartu, gehiengo absolutua duen EAJk beste guztien kontra bozkatu zuelako. Abotsanitzek nabarmendu duenez, EAJk “gehiengo osoak ematen dion indarra” baliatu izan du, bai aurrekontuak beste babesik gabe onartzeko, baita “mendeku politikoa” praktikatzeko.
Osoko zuzenketa aurkeztu zuen Abotsanitzek azaroko azken asteko plenoan. Oposizioko alderdi guztiek plenoan adierazi bezala, Abotsanitzek udal gobernuaren aurrekontu eredua kritikatu zuen prentsaurrekoan: “Udalaren funtsa handitzea besterik ez dakar, 50 miloi eurora iritsiko da agintaldia amaitzerako, gastuak %60an besterik ez ditu egikaritzen, pertsonalean dagoen arazoari ez zaio konponbiderik topatzen…”. Osoko zuzenketa aurkezteko, aurrekontuak errealitatea jasotzen ez duela argudiatu zuen, izango diren baliabideak baino gutxiago jasotzen dituela, eta onartutako gastuetako asko “gaitasun ezagatik” beteko ez direla. Horregatik, laguntza ez eskatzea leporatu diote gobernuari, besteak beste, “herritarren parte hartzeari lekurik eman ez zaiola” kritikatu dute.
Zuzenketa partzialei dagokionez, aurkeztutako asko herritarrekin adostutakoak izan zirela nabarmendu du Hondarribiko bigarren alderdiak: “Herritarren eta herri eragileen hainbat ekarpen jasoak izan ziren. Bereziki aipatzekoa da herritarren ekarpenak kostu maila apalekoak direla eta aurrekontuan txertatzea ez dela batere zaila”.
Hori horrela izanik, “aurreko urtekoan bezalako tratua jaso” izana salatu dute: “Gure aldetik dena jarri dugu aurreko urtean gertatutakoa berriro errepika ez zedin. 15 eguneko epean jarri genuen informazio guztia mahai gainean, gaiaz arituriko batzordeetan jarrera aktiboa izan dugu, eta abar. Ez dugu ulertzen Udal Gobernu Taldearen aldetik negoziazio prozeduratik udaleko bigarren indarra duen taldea baztertu izana.
Haien ustez, EAJren aurrekontu ereduaren kontra egiteagatik erabili dute jeltzaleek haien aurkako “mendeku politikoa”: “Urtero bost milioi euroko soberakina izatea gestio onaren emaitza dela diote, baina baieztapen hori faltsua dela agerian geratu da Abotsanitzen lanari esker”. Zuzenketa partzial ia guztiak atzera botatzea “gobernu onaren printzipioetatik urrun” dagoela deritzote: “Pentsatzen dugu mendeku politikoak ez du lekurik gure jendartean”.
Horregatik, orain arteko lanean sakonduko duela nabarmendu du Abotsanitzek: “Udalaren hobe beharrez, eta baita Hondarribiko herritarren hobe beharrez lanean ari gara. Eta herritar orori, Alkate jaunari eta Udal Gobernu Taldeari jakinarazi nahi diogu bide honetatik tinko jarraituko dugula, herritarren eskubideak defendatuz eta herri duinago bat helburu izanik ari baikara lanean”.