Aurten ere EAJk bakarrik onartu du aurrekontua

2019ko aurrekontua

2019ko aurrekontua bozkatzeko unea

21.798.867 euroko aurrekontua izango du Hondarribiak 2019an. Atzo onartu zuten bost orduko eztabaidaren ondoren. EAJ izan zen udal gobernuaren proposamenaren alde egin zuen udal talde bakarra; EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin ziren, eta Abotsanitzek eta PPk kontra bozkatu zuten. Aurreko urtekoak bezala, “zuhurtzian” oinarritutako aurrekontua da atzo onartu zutena.

Asteartean Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Mari Altuna alkate ordeak plenora eramango zuten proposamenaren “zertzelada nagusiak” partekatu zituzten kazetariekin. Gerora aldaketa oso gutxirekin onartuko zen aurrekontuaren ardatz nagusiak zerrendatu zituen Sagarzazuk, eta Altunak zenbait proiektu zehatzago nabarmendu zituen.

Alkatearen arabera, udalaren “egoera ekonomikoa ona da, ez dugu zorrik, eta sarrerak gastuak baino handiagoak dira”. Nabarmendu zuen, gainera, sarreren %52a hartzen duen foru funtsaren aurreikuspena dezente handitu dela aurten. Hala, bosgarrenez jarraian, udal tasak eta zergak ez dira igoko 2019an.

21,8 milioi euroko aurrekontua da onartutakoa. Horri Hondarribia Lantzen erakundearena (289.000 euro) eta Arma Plaza Fundazioarena (403.000) gehituz gero, 22.490.867 eurokoa. Iazkoarekin alderatuta, ia %5eko igoera izango litzateke, batez ere gastu korrontean (%12) eta pertsonal arloan (%6,6) isla izango lukeena.

Proposamenak aintzat hartzen dituen ardatz nagusiak honakoak lirateke: udaletxea eraberritzea, Gizarte Zerbitzuetako Plan Estrategikoa idaztea, Kasino Zaharreko kanpoaldea berritzeko lanak esleitzea, Damarrin babestutako etxebizitzak eraikitzeko prozesu teknikoa abiatzea, Hirigune Historikoa birgaitzeko plana lantzen hastea, Mendeluko Plan Berezian “indar berezia jartzea”, eta minibusaren proiektua beste erakundeekin landu eta lehiaketara eramatea.

Proiektu zehatzei dagokienez, gobernu jeltzaleak 2019an abiatu nahi dituen lanetako batzuk dira San Nikolas zubia aldatzea —pasabidearen egitura osoa ordezkatu—, eta zenbait kale berriro hiritartzea: Harategi eta Satarka Alde Zaharrean, eta Portuan, Santiago kaleko azken zatia eta Arrantzale Auzoa —auzoko lanen 7. eta 8. faseak hurrenez hurren—.

Bi osoko zuzenketa
Atzoko saioan argi geratu zen oposizioak ez duela bat egiten gobernuaren jarduteko erarekin. Kritika ugari jaso zituen, besteak beste, proiektuen gauzatze maila baxuagatik, pertsonalari eskainitako partidatik urtero milioi bat ez erabiltzeagatik, herritarren parte hartzea ez bultzatzeagatik, eta altxortegia neurriz kanpora puzteagatik. Azken urteotako joera kontuan izanik, agintaldia erabili gabeko 50 milioi euroko diru funtsarekin bukatuko da, exekuzio maila kontuan izanik hiru ekitaldi betetzeko moduko kopurua.

Atzo oposizioak aurkezturiko 109 emendakinetatik 16 onartu zituzten, beste guztien kontra bozkatu zuen EAJk. PPk ez zuen emendakin partzialik aurkeztu; Joxemi Otxotekok eman zuen arrazoia: “Zertarako aurkeztu, 2016tik onartu zaizkidanak ez badira bete?”. Osoko zuzenketa aurkeztu zuen PPk, Abotsanitzek bezala, baina biak atzera bota zituzten jeltzaleek.

Aurkeztu izana, gainera, ez zuen begi onez ikusi EAJk, eta emendakin partzialen garaian Abotsanitzen ia guztien kontra bozkatu zuen. 46 aurkeztu zituen, 4 milioi eurokoak guztira, eta 10.000 eta 500 euroko bi partida baino ez zizkion babestu.

EH Bildurentzat ondo joan zen aurrekontuen bilkura, koalizioak prestaturiko emendakinetako asko onartuak izan zirelako. Hamar aurkeztu zituen, bi erretiratu bozketaren aurretik, eta gainontzeko zortzietatik bost atera ziren aurrera, 46.000 euroko kopurukoak orotara.

PSE-EEk aurkezturiko 52 zuzenketengatik, 40 bozkatu zituzten, Iosu Alvarezek zazpi aurretik erretiratu zituelako, eta beste bostak kreditu aldaketari begirakoak zirelako, ez atzoko eztabaidarako. Guztira, 6,4 milioiko partidak ziren, eta kopuru horretatik 371.000 euroko zazpi zuzenketari balekoa eman zitzaien.

Onartutako zuzenketak

Abotsanitzenak

  • Auzoetan panel informatiboak jartzea. 10.000 euro.
  • Irakurketa erraza sustatzeko programa abiatzea udal liburutegiaren bitartez. 500 euro.

EH Bildurenak

  • Presatik Santa Engraziako biribilgunera doan eremuan azterketa eta bideragarritasun txostena kontratatu, bertan eta Eroskiko azken solairuko aparkalekuarekin bat egiteko. 60.000 euro
  • Alardearen auziak eragindakoa gainditze bidean jartzeko herritarren arteko parte hartzailea burutzeko proiektua diseinatu, ebatzi eta abiatzea. 20.000 euro.
  • Hileta zibiletarako protokoloa burutu eta aretoa egokitzea. 3.000 euro.
  • Harrera protokoloa, bidean diren migratzaileei begira, eta integrazio-laguntza zerbitzua diseinatu. 12.000 euro.
  • Lehiaketa publikoa herrian zehar dauden porlanezko hormak graffitiekin apaintzeko. 6.000 euro.

PSE-EErenak

  • Lauhaizetako (Cuatro vientos) bidea konpondu eta berritu. 10.000 euro.
  • Kostan eta magalean etxebizitzak berritzeko aurretiko ikerketa. 12.000 euro.
  • Alokairurako laguntza. 80.000 euro.
  • Etxebizitzak eraberritzeko laguntzak. 100.000 euro.
  • Energia gastuetarako laguntzak. 50.000 euro.
  • AESak jasotzen ez duten familientzako laguntzak. 70.000 euro.
  • Adineko pertsonen diagnostikoa. 20.000
  • Espainiako hainbat lekuetan jasotako txostenekin liburu-dokumental historiakoa egiteko. 19.000 euro.
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend