Datorren astelehenean (hilak 10) jardunaldi berezia antolatu du Irungo Udalak Mugazabaldu proiektuarekin batera. 18:30ean hasiko dute.
Proiektuko kideak, Monica Martinez ordezkariarekin batera.
Irungo Udalak, 70. Giza Eskubideen Egunaren harira (hilak 19), Mugazabaldu proiektuarekin kolaboratzen aritu da. Elkarlan horren orain arteko emaitza ikusteko aukera izango da datorren astelehenean (hilak 10), jardunaldi berezia antolatu baitute San Juan plazan.
Europako hiritarra zer suposatzen duen ikertu dute proiektuan, mugaz gaindiko izaera duen diziplinarteko zenbait ekitaldiren bitartez. Hala, memoria historikoa berreskuratzeko gazteekin zenbait jardunaldi, Gurseko kontzentrazio esparrura bisitak eta Behobiako Guardiako eraikinaren inguruan zenbait ekintza artistiko egin dituzte.
18:30ean hasiko da asteleheneko jardunaldi berezia. Bertan, Lelagoleon-T konpainiako kideek zenbait testu eta poema irakurriko dituzte, hiru hizkuntzatan, giza eskubideak eta gizakien arteko harremanak zutoin gisa harturik.
Era berean, hilaren 19an, Amaia KZn (19:00etan), ‘Gurs, un recuerdo desde el olvido’ gaztelerazko dokumentala proiektatuko dutela jakinarazi dute udaleko Giza Balio eta Eskubideen sailak.