Memoria Historikoa berreskuratzeko asmoa du Orbel Haizea programak, eta hala, ikasleek 1936ko Gerra eta ondorengo testigantza eta informazioa jaso dute orain arte ikasgelan.
Iaz bezala, lepo utziko dute bihar ikasleek Mendibilgo zine aretoa.
Bihar (hilak 5), Irungo Mendibil merkataritza guneko zinea Orbel-Haizea programa hezitzailearen agertoki bilakatuko da. Pio Baroja eta La Salle ikastetxeetako batxilergoko ikasleek, Mendibil zentroko ikasleekin batera bertaratuko dira, 1936ko Gerra eta ondorengo errealitatea lehenengo eskutik ezagutzera. Orotara, aurten 700 ikasle baino gehiagok hartu dute parte programan.
Memoria Historikoa berreskuratzeko asmoa du Orbel-Haizea programak, eta hala, ikasleek 1936ko Gerra eta ondorengo testigantza eta informazioa jaso dute orain arte ikasgelan. Bihar berriz, garaiko lekukoek euren esperientzia elkarbanatuko dute gazteekin Mendibilen, errealitatea gertutik ezagutzeko asmoz. Hala, Jose de Sola eta Rosi Perez irundarren testigantza eta historia entzungo dute.
Era berean, biharkoan parte hartuko duten ikasleek Frantziako Gurs kontzentrazio esparrua bisitatuko dutela jakinarazi du Irungo Udaleko Balio eta Giza Eskubideen sailak. Programa amaitzeko, ikasleek lan bana entregatu beharko dute, prozesu guztian zehar ikastikoaz, nahi duten formatuan (eskutitza, murala, argazkiak, bideoak, poesia…).