Azken Adosgunean, azken hilabeteetako prozesu guztiaren inguruko balorazioa egin zuen elkarteak; bertan, eman beharreko hurrengo pausoak zehaztu zituzten.

Azken Adosgunean bildutako irudia.
Joan den larunbatean (hilak 1), Irungo Hartu Hitza elkarteak Adosgunearen azken bilera egin zuen. Bertan, azken hilabeteetako prozesu guztiaren inguruko balorazioa egin zuten, eta hurrengo pausoak zeintzuk izango diren zehaztu zituzten.
Lehenik, emandako pauso guztiak gogoratu zituzten, otsailaren 17tik gaur bitarte. Bide horretan, egitasmoa aurkeztu, herritarren babesa jaso eta galdeketa errealitate bat izan zela nabarmendu dute. “2018ko azaroaren 18a egun handia izan da, eta hauek ez dira hitz hutsalak, edukiz beterikoa baizik”, adierazi dute elkarteko kide Xabier Martionez eta Elena Berazadik.
Herri galdeketarekin “zenbatu ez daitezken ondorio asko” martxan jarri direla adierazi dute. “Erabakitzeko eskubidearen pedagogia egin dugu gure herriko etorkizun politikoari buruz eztabaida plazaratuz eta zabalduz eta galdeketa demokrazia zuzenaren adibide aparta izan da. Loteslea izango den erreferendumaren bidean trebatu gara, antolamendu gaitasun handia erakutsiz”, gehitu dute. Joan den azaroaren 18ko ariketa demokratikoarekin, “instituzioek galdetu ezin dutena” galdetu dutela nabarmendu dute.
Hala, hasiera guztiek bere amaiera dutela adierazi dute Hartu Hitzatik, eta elkartearen egin beharra amaitu dela. “Irungo herriarekin hitzartutakoa bete dugu, baina bidea da garrantzitsua, eta bidea ez da bukatu”. Gure Esku Dagok erabakitzearen aldeko bide berriak zabaltzen jarraituko duela adierazi dute, baita Irunen ere. Amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiete bide guztian laguntza eskaini duten pertsona guztiei.