Bortxa ezabatzeko ipuinak
Laugarrenez abiatu dute Asun Casasola Ipuin Lehiaketa. Orri zurian, indarkeria matxistarik gabeko gizartea irudikatzen dute, egungoa deseraiki, eta jendarte berri eta parekidea eraikitzeko.
Hiru urtean 700 ipuin aurkeztu dituzte Asun Casasola lehiaketara. ‘Nik sinisten zaitut’ da aurtengo lehiaketarako aukeratu duten leloaIaz lehen berritasuna heldu zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza bati esker lehiaketan parte hartzeko adin tartea zabaldu eta 12-16 urte bitarteko gazteengana hurbildu ziren antolatzaileak; aurten, berriz, gehiago zabaldu dute adin tartea, eta 10 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoek ere badute parte hartzeko aukera». Lanketa berezia egin dute irundarren artean zabaltzeko lehiaketa, baina lanak mundu osotik heltzen direla zehaztu du Llorentek, «Hego?Amerikatik ere bidaltzen dituzte ipuinak lehiaketara». Antolatzen hasi zirenetik bost urte pasatu dira, eta ibilbide horretan asko jaso dutela aitortu du, gehienbat liburua egitea erabaki zutenean. 2016an izan zen hori, lehiaketa antolatzen hasi eta bi urtera. Aukeratutako ipuinen egileekin harremanetan jarri ziren orduan, eta paper zuriaren aurrean jarri eta hausnarketa egitea zer suposatu zien galdetu zietenean, jasotako erantzunak benetan aberasgarriak izan zirela dio, «guk antolatu egiten dugu lehiaketa, baina ez dugu ikusten parte hartzaile bakoitzak egiten duena, eta azkenean hori da garrantzitsuena, atzean dauden ariketak dira. Lehiaketan saririk jasotzeko aukera ez zuten arren, Leka Enea ikastetxeak parte hartu zuen. Sari banaketara 15 ikasle bertaratu ziren eta Rap bat abestu zioten Asuni [Casasola]. Ikastetxera ere gonbidatu zuten bere alabari gertatutakoa berak konta zezan, eta landare bat landatu zuten… oso sinergia politak sortzen dira lehiaketaren bueltan, eta horrekin gelditzen gara». Casasolaz mintzo da, ondoren. Indar handiko emakumea dela dio, egiten duen lana eta bere alabari gertatu zitzaiona beste inoren alabari berriz ere ez gertatzeko borrokan jarraitzea izugarria dela dio, asko suposatzen duela, «lehen pertsonan kontatzen duelako, eta hori asko da. Emakume arrunta da, eta beste emakumeen aurrean kontatzen duenean berari gertatutakoa edonori gerta dakiokeela ohartzen dira. Oso emakume enpatikoa da, eta izugarri aberasgarria da bera entzutea». Gizartea, aurretik Egoera oro har nola ikusten duten galdetuta, azkar erantzun du Llorentek. Kalean mugimendua ikusten dela, feminismoak aurrera urratsak egin dituela argi du, «Martxoaren 8ko aurtengo mobilizazioek erakutsi zuten ahalduntze bat izan dela, mugimendu feministak indar handia hartu duela», baina argi du epaitegiek eta instituzioek ez dutela erritmo hori jarraitzen, oso atzean gelditu direla: «Lotsagarriak dira epaitegietatik heltzen diren ebazpenak. Pentsa, Nagore Lafaggeren kasua ez da indarkeria matxistatzat jotzen bortxatu eta hil zuena ez zelako bere bikotekidea, ezta bikotekide ohia ere. Hori ez da ulergarria, ezta onargarria ere». Atzera egin du Llorentek, eta 2016ra itzuli da. Ederra izan omen zen liburua argitaratzearen esperientzia, «izugarria». Tragediatik urrun, indarkeria matxista erpin guztietatik begiratuta osatu zuten, maskulinitate eredu ezberdinez, rol eta estereotipoen erreprodukzioan hezkuntzak duen garrantziaz, eta erlijio katolikoaren indarraz mintzo da liburu hori. Makina bat herritarri eskainiko zien dagoeneko hausnarketarako eta eztabaidarako tartea. Buruan dute beste liburu bat argitaratzea, dirua muga dute, ordea: «Gustatuko litzaiguke beste liburu bat argitaratzea jasotako lanen aukeraketa eginda, baina azkenean dirua da. Diru laguntzarik jasotzen badugu gustatuko litzaiguke, baina ikusi behar». Indarkeria matxistaren kontrako borrokan positiboan eragiteko jaio zen Asun Casasola Ipuin Laburren lehiaketa, eta helburua neurri batean lortu dutela sinistuta dago Llorente: «Indarkeria matxistarik gabeko gizartea irudikatzea da gure helburua, eta ametsa dirudi, baina lor daitekeela uste dugu. Ariketa hori norberak egiten du lehiaketarako paper zuriaren aurrean jarri eta halako jendartea nolakoa izango zen irudikatzen duenean».
Indarkeria matxistaren kontra positiboan eragiteko sortu zuten lehiaketa Feminismoak aurrera urratsak egin dituen zalantzarik ez dute antolatzaileekIndarkeria matxistarik gabeko gizartea lortzea dagoela konbentzituta dago, horretan ari dira, horretarako. Gakoa, bereziki, hezkuntza dela dio, heziketan eragitea, «gure asmoa izan da hasieratik ikastetxeetara iristea, lehiaketaren bidez hausnarketarako bidea zabaltzeko». Gazteen artean geroz eta indarkeria matxista kasu gehiago ematen direla esan du, eta horrela berretsi du aste honetan bertan Nafarroako Gobernuak. Azken horren arabera, eraso sexisten aurkako salaketen %80, 30 urtetik beherako emakumeek egin dituzte bertan, bostetik lau, «belaunaldi berriak, gazteak okerrago datoz, indarkeria matxista oso jende gaztearen artean ematen da». Heziketan sakondu behar Heziketan indarrak metatu beharra nabarmendu du, «kale egiten ari gara, etxean, kalean, komunikabideetan… hezkuntzan bere osotasunean». Komunikabideei ere erreparatu die, eta geroz eta kontzientzia handiagoa badago ere, ez dela nahikoa iritzi dio, ez dagoelako formazio egokirik indarkeria matxistaren gainean, «geroz eta emakume kazetari gehiago dago, kazetari feminista gehiago, eta oro har lanketa txukuna egiten da, baina batzuetan gauza izugarriak ikusten dira: morboari garrantzia ematea, bizilagunei galdetzea… ez dugu formaziorik. Nik kontzientzia feminista dut, kazetaria naiz, eta halako gai bat landu behar dudan bakoitzean zalantzak izaten ditut, ez dakigulako pedagogia nola egin. Lan handia dago egiteko». Lehiaketan parte hartzera deitu du Llorentek, «Asuni [Casasola] omenaldi txiki bat egiteko modua delako, eta merezi du. Gogoan dut lehiaketaren lehen ekinaldian epaimahaikidea izan zela. Lan handia hartu zuen ipuin guztiak irakurtzeko, fotokopiak egin eta lagunei banatu zizkien, sarea sortu zuen, eta guztien iritzia jaso. Onik ere ez zion egiten hainbeste denbora gaiaren gainean aritzeak egun batzuetan, baina hala ere jarraitu zuen. Orokorrean sentsazio positiboarekin gelditu zen irakurri eta gero». Gaur egun ere, epaimahaikide aritzen ez bada ere, ipuin guztiak eskatzen dizkiela poliki irakurtzeko esan du: «Idatzitako lerro horiek guztiak Asunen begietara helduko direlako merezi du parte hartzea, zerbait esateko modua delako. Bestalde, behin eta berriz aipatzen dugun ariketa pertsonal hori denok egin beharko genukeela uste dudalako: paper zuriaren aurrean jarri, deseraiki eta berriro eraiki balio berrietan eta parekidetasunean». Zaila dirudi errotuta dagoena deseraikitzea. Bat dator Llorente, «barru barruraino dugulako sartuta, eta nahi gabe kristorenak egiten ditugu, oso errotuta ditugun kontuak transmititzen ditugu. Kontziente izatea urrats bat da, gaizki egiten ari garenaz jabetzea ere, konpondu daitekeelako. Bada zerbait, lehen urrats bat. Gaur egun badira tresnak aldatzeko, eta eraikitzeko, borondatea da behar dena».