Arbesko adinekoentzako zentroak 130 egoitza plaza izango ditu, beste 30 plaza eguneko zentroan, eta 50 tutoretzapeko apartamentu.
Maite Peñak gaur eman ditu egitasmoaren xehetasunak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jada izenpetu du Arbes auzoan adinekoentzako zentroa egiteko hitzarmena. Irungo Udalari bidali dio egitasmoa sinatuta, udalak ere sina dezan. “Hartutako hitza bete dugu: Arbes, gainera, aldundiaren lehentasunezko proiektua da”, esan du gaur Maite Peñak, Gizarte Politikako diputatuak. Horrela, aldundiaren argi berdea du egitasmoak: mendekotasun egoeran dauden adinekoentzat 130 plaza izango ditu zentroak, 30 plaza eguneko zentroan, eta tutoretzako 50 apartamentu.
Zentroa aldundiak Irungo Udalarekin sinatu zuen hitzarmenaren emaitza da. Horren arabera, udalak lursaila emango du eta haren eskumen diren tutoretzapeko 50 apartamentuen finantzazioari aurre egingo dio. Horietan lehentasuna izango dute lehen graduko mendekotasuna duten adinekoek, eta gainera, beste 26 plaza eskainiko dituzte desgaitasunen bat duten pertsonei laguntzeko. Bi erakundeek adostuko balute, desgaitasunen bat duten pertsonen autonomia pertsonala lantzeko eta gizarte laguntzako beste erabilera batzuetarako izango litzatekeen zentro bat hartuko luke barnean egitasmoak.
Peñak nabarmendu du zentroa esleitzeko bi erakundeen arteko batzorde mistoa sortu zutela, eta aldi berean, Irungo Udalarekin hainbat kudeaketa lan egin ditu aldundiak “hirigintza baldintzak, prozedurazkoak eta aurrekontuari buruzkoak” zehazteko.
Irungo Udalak hitzarmena izenpetzen duenean, jarraipen batzordea lanean hasiko da. Bertan aurkeztuko ditu aldundiak egitasmoaren xehetasun guztiak, taretan lanen esleipena edo zentroaren kudeaketa. Kontratuaren pleguak aurten atera nahi dituzte, eraikuntza lanak 2019ko lehen seihilekoan hasteko.