Berdintasunaren alor ezberdinetan gizonek dituzten konpromisoak areagotu eta trenaren maiztasunaren arazoa konpontzea. Horiek dira taldearen asmoak.
Xabier Iridoy, gaurko agerraldian.
Irungo EAJ taldeko bozeramaile Xabier Iridoyk agerraldia egin du gaur goizean. Bertan, datorren astean bi mozio aurkeztuko dituela jakinarazi du, berdintasunaren alor ezberdinetan gizonek dituzten konpromisoak areagotzeko lehenengoa, eta bestea trenaren maiztasunaren ingurukoa.
Datorren ostiraleko (hilak 30) Udalbatzan aurkeztuko ditu bi mozioak, bozeramailearen ahotan, “hiritarren onerako”. Emakunderen Gizonduz egitasmoaren barruan kokatutako ‘Gizonok Esan eta Egin’ programarekin bat egiteko mozioa da lehena. “Alor guzti hauetan sexuen arteko berdintasuna lortu ahal izateko, gizonon parte hartzea eta konpromisoa ezinbestekoa dela iruditzen zaigu”, adierazi du Iridoyk. Era berean, igandeko (hilak 25), Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunarekin talde jeltzaleak bat egingo duela jakinarazi du bozeramaileak. “Belaunaldi berriei berdintasun balioak igortzeko ardura dugun guztiok, berdintasunaren eta hauen eskubideen gizarteratzeko prozesuan eragileak gara”.
Bigarren mozioak, Oiasso Elkarteak egindako eskaerari erantzuna eman nahi dio, trenak Irunen duen maiztasunaren ingurukoa da. Mozio horretan, Renferi egun Donostia-Irun bitarteko trenbidearen eraberritze obrek eragin duten egoerari “behar bezalako” erantzun bat emateko eskaera egingo diote.