Igandeko galdeketaren harira, Hartu Hitzak balorazioa egin du. Lehenik, eskerrak eman dizkie prozesu osoan zehar elkartearen egitasmoarekin bat egin duten lagunei.
Igandean HITZAK bildutako irudi bat.
Joan den igandeko (hilak 18) galdeketa herrikoiaren harira, Hartu Hitza Irun elkarteak balorazioa egin berri du. Lehenik, eskerrik beroenak eman dizkie prozesu osoan zehar elkartearen egitasmoarekin bat egin duten lagunei. “Egun historikoa izan zen igandekoa, ariketa demokratiko zoragarria aurrera eraman genuen, irundarrek sortuta irundarrentzat”, adierazi dute.
Urte hasieran elkarteak zehaztutako helburuak bete dituztela ondorioztatu dute, kaleko ekintzak eta presentziak hiriko auzoak “aktibatu” dituela. “Gure egitura politikoa demokratikoki hautatzeko aukeraren eskubidea zabaldu dugu eta herritarrak ariketa demokratiko batean ahalduntzea lortu dugu”.
Era berean, alderdi politiko, eragile sozial eta hiriko elkarteen laguntza eskertu nahi izan dute: “zubiak eraiki eta irundarren arteko elkarbizitza hobetzeko urratsak eman ditugu”.
Emaitzen balorazioa
Igandean irundarren %9,15ak eman zuen botoa. Zehazki 4.891 pertsonek “Irunek ezagutu ez duen ariketa demokratiko batean” parte hartu zuten. “Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin, baina are gehiago Irungo herri galdeketa gauzatzeko helburuan sortu dugun bidearengatik”.
Partaidetzarekin ere oso pozik azaldu dira elkartetik. Datu ofizialen arabera, 1956-1963 urteen bitartean jaiotako irundarrak izan dira gehien bozkatu dutenak, 200 gaztek eman zuten botoa eta emakume eta gizonezkoen datuak oso antzekoak dira. “Argi eta garbi geratu da estatus politikoaren eztabaida garrantzitsua dela eta jende ezberdina biltzen duela”, adierazi dute Hartu Hitzatik.
Amaitzeko, datorren abenduaren 1ean (larunbata), Adosgunearen azken bilera egingo dutela gogoratu dute, 10:15an, Palmera Montero Gunean. Bertaratzeko gonbita luzatu diete irundar guztiei. “Amaiera bateratua eman nahi diogu proiektu eder honi, guztiok batera egin dugu posible Irungo herri galdeketa, eta elkarrekin amaierara iritsi behar gara”.