'Nik sinisten zaitut' izango da lehiaketaren lelo nagusia, idazleen abiapuntua. "Gure helburua berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea da".
Antolatzaileek lehiaketaren zehaztasunak eman dituzte Bronte liburudendan.
Laugarren Asun Casasola Ipuin Lehiaketa hastear da. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunarekin hasiko dute aurtengo edizioa (igandea, hilak 25), eta iaz bezala, berritasun ugarirekin dator. Gaur eman dute lehiaketaren berri antolatzaileek, Bronte liburudendan egindako agerraldian.
Hasteko, azken lau urteotan 700 “altxor” baino gehiago bildu dituztela kontatu dute. Gainera, iazko edizioan gazteei lehiaketaren ateak zabaldu zizkietela gogoratu dute, eta aurten, adin tarte gehiagotara iristeko asmoa izan dutela. Hala, iaz 12-16 bitarteko gazteek ere parte hartzeko aukera izan bazuten, aurten 10 urtetik gorakoek ere aukera bera izango dute.
‘Nik sinisten zaitut’ izango da lehiaketaren lelo nagusia, idazleen abiapuntua. “Gure helburua berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea izan da hasieratik”, adierazi dute aurkezpenean. Azaldu dutenez, ipuinak euskaraz edo gazteleraz bidali daitezke, eta parte hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkezteko aukera izango du, orrialde batekoa zehazki. Gainera, ipuinak originala izan behar duela zehaztu dute, argitaratu gabekoa eta aurkezten den hizkuntzan idatzitakoa (ez da itzulpenik onartuko).
Kategoria bakoitzeko sari bana emango dute: helduen kategoriako irabazleek 300 euroko sariaz gain, 50 euroko balioa duen liburu pakete bat jasoko dute Bronteren eskutik; gazteen kategoriako irabazleek ordea, 100 euroko saria eta 50 euroko paketea.
Emakumezkoen epaimahaia
Laugarren ediziorako, soilik emakumez osatutako epaimahaia izatea erabaki dute antolatzaileek. Helduen kategorian, euskaraz, Yurre Ugarte, Ana Iruretagoiena eta Idurre Eskisabel izango dira; gaztelerazkoan Mertxe Tranche, Maialen Lehane eta Marian Benitez. Gazteen kategorian berriz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perezek epaituko dituzte euskarazko lanak, eta Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Lopezek gaztelerazkoak. Informazio gehiago,
lehiaketaren webgunean eskuragarri.