Partidetara joaten direnei harmailetan gozatzeko, eta arbitro, entrenatzaile nahiz jokalarien aurkako "jokabide oldarkor eta bortitzak alboratu" nahi dituzte egitasmoarekin.

Egitasmoaren aurkezpenaren irudia. Bertan izan da Santano alkatea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, ‘Eee!ntzun’ kanpainaren barruan, eskola kirolean parte hartzen duten haurrak protagonistak bilakatu nahi izan ditu, eta horretarako, kantu, dantza eta zeinuen hizkuntzaren erabilerak osatzen duten “haka” dantza egin dute. Partidetara joaten direnei harmailetan gozatzeko, eta arbitro, entrenatzaile nahiz jokalarien aurkako “jokabide oldarkor eta bortitzak alboratu” nahi dituzte egitasmoarekin.
Aldundiko kideekin batera izan da egitasmoaren aurkezpenean Jose Antonio Santano Irungo alkatea. Aldunditik, “beharrezkotzat” hartu dute kirolean izaten den indarkeriaren kontrako mezua sendotzea, balioetan arreta jartzen duen mezu baikor eta eskola kirolean parte hartzen duten neska mutilek kirolaz gozatzeko duten eskubidea ardatz hartuta.
Datorren larunbatetik (hilak 24) aurrera, eskola kirolean parte hartzen duten milaka haurrek “haka” dantza hori egingo dute Gipuzkoako hainbat herritan, baita Irunen ere. “Hakatoi bakoitzean ehunka umek dantzatuko dute kirol gune batean, kirolean izaten den indarkeriaren kontrako mezua entzutera eramateko”, adierazi dute aldunditik. Hala, Irunen martxoaren 30ean egingo dute. Gainera, lurraldeko zenbait talderekin batera, Bidasoa eskubaloi taldeko partidetan ere egiteko asmoa adierazi dute aldunditik.