Bidasoaldeko Mugimendu Feministak antolatuta, aurten erail dituzten emakumeen aldeko omenaldia egingo dute igandean, Kasino aurrean (Colon pasealekua).
Maite Cano eta Irene Kastezubi, gaurko agerraldian.
Igandeko (hilak 25) Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, ekintza berezia antolatu du Bidasoaldeko Mugimendu Feministak. Gaur egin dute agerraldia elkarteko kide Irene Kastezubi eta Maite Canok San Juan plazan, eta bertan, igandeko
performance-aren inguruko zehaztasunak eman dituzte.
“Terrorismo matxista bereziki grinatzen da emakumeekin, haurrekin, trans direnekin, eta azken finean, generoaren eskema patriarkaletan sartzen ez diren guztiekin. Jokaera hau, gaitz ikaragarria da gizarte kapitalista honetan”, adierazi dute. “Pribilegio patriarkalak” dituzten estatuen barruan gobernu bakar bat ere segurtasuna bermatzeko gai ez dela nabarmendu dute, eta gizartea “estatuaren feminizidio” baten aurrean dagoela. Gainera, legea aplikatzerakoan genero ikuspegia hartzea beharrezkoa dela adierazi dute, elkarteko kideen hitzetan, “bidegabeki” epaitzen baita emakumeen eta adingabeen aurka.
Era berean, biktimenganako arreta eza gaitzetsi dute mugimenduko bi kideek, “publikoak izan behar luketen zerbitzuak pribatizatzen direlako eta biktimak babesik gabe geratzen direlako”.
Horregatik guztiagatik, iganderako
performance bat antolatu dute. Aurten erail dituzten emakumeen aldeko omenaldia egingo dute 12:15ean, Kasino aurrean (Colon pasealekua). Bertara beltzez jantzita eta kandela gorri batekin gerturatzeko deialdia luzatu dute mugimendutik, eta herritarrei bertaratzeko gonbidapena luzatu diete.