Juan Wollmer plaza berritzea da udalaren asmoa, eta obrekin amaitu ostean, aparkaleku asko galduko direla salatu dute Si Se Puede Irun taldetik.
David Soto, taldeko bozeramailea.
Datozen hilabeteotan Juan Wollmer plaza berritzea da Irungo Udalaren asmoa. Egun aparkaleku gisa erabiltzen dute herritarrek eremua eta azken asteotan bizilagunek zenbait kexa egin dituzte. Plaza eraberritzeko obrekin amaitu ostean, aparkaleku asko galduko direla salatu dute bizilagun askok. Egoera hori konpontzeko bidean, joan den asteazkenean (hilak 14), bilera irekia egin zuen gobernu taldeak Arbes auzoko bizilagunekin, bertako aparkalekuen politikari buruz hitz egiteko.
Bizilagunen kexekin bat egin du Si Se Puede Irun taldeak. Herritarrekin egindako bileraren harira, zenbait kontu argitu nahi izan dituzte taldetik.
Bizilagunek udalari TAO zerbitzua jartzeko eskaera egitea. Bilera horretan Udaleko Mugikortasun ordezkari Cristina Labordak helburu hori zuela “nahiko garbi geratu” zela salatu dute taldetik, eremu berri horretan zehazki zerbitzua inposatzea esan ez zuen arren. Gainera, Palmera Montero eremu inguruan gobernu taldeak garajeak saltzeko eta alokatzeko helburua duela leporatu diote alderdi sozialistari.
Egoera jasanezina
“Aparkalekuaren egoera jasanezina da Irunen. Gobernu taldeak ez du onartu nahi egungo egoera urtetan zehar enpresa pribatuei mesede egiteko eta herritarrei kaltetzeko diseinatutako politiken ondorioa dela”, adierazi dute. Lurpeko aparkalekuen erabilera kontuan hartu beharrekoa dela nabarmendu dute, esku pribatuetan ezin dela utzi. Hala, hiru proposamen nagusi egin dituzte SPI taldetik: lurpeko aparkalekuak dituzten auzoetan bizilagunentzako doako errotazio erregimenak ezartzea, irundarrentzat aparkalekuak mantentze kostuaren prezioan eskaintzea edo Ficobako aldirietako parkingaren izaera bermatzea, doako autobus baten bitartez.
“PSEk eta, horren buruan, Santano jaunak, Irun zorpetu dute, eta zorpetzen jarraitzen dute, TAOaren kudeaketan edo lurpeko parkingen kudeaketan 20 urteko azpikontratuak sinatuz”. Kaleak oinezkoentzako izatea, TAOren eta parkingen kudeaketa zerbitzuak pribatizatzea, azalerako aparkalekuak ezabatzea eta prezio jasanezinak. Hori da taldearen iritziz gobernu taldeak aurrera eraman duen politika. “Nahikoa da Santano jauna. Herriari ezin zaio etengabe engainatu. Irungo aparkalekuaren kudeaketa amesgaizto batekoa dirudi”, gehitu dute taldetik.