Irun Hiria Krosak mende erdia bete duelako ospakizun berezia egingo dute bihar udaletxean. Igandean, 13 mailatan banatuta, ehunka korrikalari lehian.
Iazko edizioan, emakumeen lasterketa nagusiaren irteera.
Bidasoa Atletismo Taldeak (BAT) antolatzen duen Irun Hiria Krosak 50. edizioa egingo du asteburuan. Mende erdia ospatzeko asteburu berezia prestatu du BATek. Izan ere, krosa igandean da, 10:00etan hasiko dira mailaz maila lasterketak Txingudi Ikastolaren ondoko zirkuituan. Baina igandekoaz gain, badira ospakizun gehiago. Orotara, 13 lasterketa izango dira igandean, maila guztietakoak. 10:00etan da lehenen irteera, eta 13:00etan azkenena.
Bihar (larunbata 17), 18:00etan eta udaletxeko areto nagusian ekitaldi berezia egingo dute. Bertan, krosa noizbait irabazi eta olinpiko izan direnei aitortza egingo diete, eta aldi berean, BATek aipamen berezia egingo die 50 urteetan krosa irabazi dutenei.
Irunen irabazi eta Olinpiar Jokoetan izan direnak honakoak dira: Carmen Valero, Fernando Aguilar (hil zen), Rene Jourdan, Mariano Haro, Jose Luis Gonzalez, Diego Garcia (hil zen) eta Martin Fiz.