Euskaraldiaren iritsierarekin batera ekingo diete ekitaldiei; datorren hilaren 23an izango da lehena, eta abenduaren 3ra bitarte luzatuko dute egitasmoa.
Antolatzaileak, egitarauaren berri ematen.
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira (abenduak 3), Irungo Udalak, hiriko eragileekin batera, doako jarduera eta ekitaldi mordoa antolatu ditu, askotarikoak. Euskaraldiaren iritsierarekin batera ekingo diete ekitaldiei; datorren hilaren 23an izango da lehena, eta abenduaren 3ra bitarte luzatuko dute egitasmoa.
Monica Martinez Irungo Udaleko Euskara arloko ordezkariak, Hizkuntz Normalizazioko teknikari Arantza Zuletek, Euskaraldiaren inguruko ekitaldiak koordinatu dituzten Unai Oiartzun eta Maite Lopez de Arbinak egitarau osoaren berri eman dute.
“Helburua euskararen erabilpena hirian zehar bultzatzea da, eta ideia horretan lan egiten ari gara adin guztietakoak euskara praktikatzera gonbidatzen duten proposamenak eskaintzeko, euskara dakitenen artean hain zuzen ere, eta euskara ikasten ari direnen artean ere erabiltzera animatu nahi ditugu”, adierazi du Martinezek.
Aurtengo Euskaraldirako, 2.000 lagun baino gehiagok eman dute izena. Ahobizi eta Belarriprest txapak jasotzeko, hilaren 22ra bitarte aukera dagoela gogoratu du Oiartzunek, Irungo Udal Euskaltegian (astelehenetik ostiralera 9:00-14:00 eta 16:00-20:00). Izen emateak,
webgune honetan egin daitezke. Ondorengoa da, hilaren 23tik abenduaren 3ra bitarte antolatu duten egitaraua:
- Azaroak 23: 10:00etan Mintzodromoa; 17:30ean Euskaraldiaren irekiera ekitaldia San Juan plazan; 18:00etan Mugaldekoak taldearen kontzertua San Juan plazan.
- Azaroak 27: 19:00etan ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ dokumentalaren proiekzioa Amaia KZn.
- Azaroak 28: 19:00etan Fermin Muguruza irundarraren ‘Black is beltza’ filmaren proiekzioa Amaia KZn. Ondoren, Muguruzarekin solasaldia.
- Azaroak 29: 19:00etan ‘Oreina’ filmaren proiekzioa Amaia KZn. Ondoren, alazneAmeztoyrekin solasaldia.
- Abenduak 1: 12:00etan Irunen kantuz Kale Nagusian eta San Juan plazan.
- Abenduak 2: 12:00etan txistulari banda eta muxikoak; 12:00etan Bertso saioa Amaia KZn; 17:00etam ‘Paddington 2’ filmaren proiekzioa Amaia KZn; 18:30ean Beatriz Egizabalen bakarrizketa Palmera Monteron; 19:00etan ‘Errementaria’ filmaren proiekzioa Amaia KZn. Ondoren, solasaldia Izaskun Urkijo eta Gorka Lazkanorekin.
- Abenduak 3: 10:00etan Gazte Mintzodromoa Mendibil Merkataritza Gunean; 17:00etan haurrentzako jolas parkea; 18:30ean Zortzikotxikia eta diskofesta.